Ordiziako Azoka eta Goierriko Berrikuntza Poloa bisitatu ditu Maddalen Iriartek
Azokek lehen sektorean duten "garrantzia" aldarrikatu du Iriartek, eta Goierriko "teknologia mailaren garapena" nabarmendu du.
Maddalen Iriarte Gipuzkoako Batzar Nagusietarako zerrendaburuak Ordizia bisitatu du gaur goizean. Adur Ezenarro Ordiziako alkatearekin azoka bisitatu ondoren, Goierriko Berrikuntza Poloa bisitatu dute, bertako ikerketetan eta teknologietan sakontzeko. Jon Altolagirre Urretxuko EH Bilduren alkategaia eta Zelai Amenabarro Legorretako alkatea ere izan dira bisitan.
Mondragon Unibertsitateak Goierrin duen kanpusean, Fabrikazio Gehigarriko masterraren inguruan aritu dira. Ondoren, Lortek ikerketa zentroan, hain justu Fabrikazio Gehigarriko prozesuetan sakondu dute, eta azkenik, Goiekiko NBF eraikinean dagoen Hub 4.0 laborategian izan dira, industrian aplikagarriak diren kasuak ikusteko.
Azokek lehen sektorean duten “garrantzia” aldarrikatu du Iriartek, eta “krisi klimatikoaren aurrean, lehen sektorearen alde” lan egiteko konpromisoa agertu du. Gehitu du Ordiziako azoka bezalako ekimenik gabe lehen sektoreak “ez duela aurrera egiteko aukerarik izango”.
Lehen sektoreaz aparte, industriari ere heldu dio. Goierriko “teknologia mailaren garapena” nabarmendu du: “Berrindustrializazioaren bidean egin behar dugun apustuan eta digitalizazioaren apustuan, enpresa jasangarri, erresiliente eta aurrera begirakoetan, hemen dagoen jakintza ikusi ahal izan dugu”.
Gipuzkoan, ikerketa eta garapenean BPG-aren %2,4 inbertitzen dela aipatu du, eta bide horretatik lan egiteko prest agertu da: “Europako batez bestekoa %3koa da. Uste dut badaukagula hobetzeko tarte handia eta gure konpromisoa hortik doa”. Amaitzeko, “langileek kudeaketa eta erabakietan parte hartuko duten enpresa eredua” aldarrikatu du.