Itzaletatik Leharreira
Gabiriako Leharrei mendi lasterketa etzi jokatuko da, proba luzea eta motza jarrita. Aurretikoa girotzeko, Alex Areizagak ‘Itzalak’ dokumentala aurkeztuko du, gaur.

Larunbatean jokatuko da Gabirian VI. Leharrei mendi lasterketa, Goierriko Trail Koparako bosgarren proba puntuagarria. Bi distantziatan antolatu dituzte lasterketak: ohiko trailekoa, 24 kilometro luze eta 1.300 metroko desnibel metatukoa; eta bigarren urtez, esprint laburra, 15 kilometro eta 800 metro gorantz.
Izen-emate epea bart gauerdian itxi dute. Guztira, 250 korrikalariren muga du probak: 150 luzean eta 100 laburrean. Gehientsuena beteko da. Berritasun modura, karrera motzean 16 urtetik aurrerakoek ere irten ahalko dute, lehen aldiz, gurasoek baimena sinatuta.
Larunbatean, 09:30ean abiatuko dira ibilbide luzekoak, Gabiriako plazatik. Murgil, Trapalata, Aizaleku eta Otañu gainak zapalduko dituzte. Proba motza 10:00etan hasiko da, eta Aizaleku izango dute puntu gorena.
Modalitate bakoitzean, lehen hiru gizonezkoek eta hiru emakumezkoek jasoko dute saria. Horrez gain, Learregi azken aldapa azkarren igotzen dutenek Ternua jaka bana dute saritzat.
Dokumental emanaldia
Leharrei lasterketa aurreko giroa gaurtik sumatuko da Gabirian. Alex Areizagak zuzendutako Itzalak dokumentala emango dute gaur, 19:00etan, Osinalde elkartean. Bilboko Mendi Film lehiaketara aurkeztu zuen, abenduaren 13an, sail ofizialean. Handik aparte, publikoki ikusteko lehenengo aukera izango da.
Lau urteko lanaren emaitza da Itzalak, eta mundu mailan goreneko mendigoizaleak elkarrizketatu dituzte, Reinhold Messner, Nives Meroi eta Romano Benet, eta Juanjo San Sebastian, esate baterako.
Alex Areizaga. ‘Itzalak’ dokumentalaren egilea
«Guztiok daramagu motxila ikusezin bat. Itzaletatik tiraka, gogoeta bat da»
«Andoni Ormazabal eta Joseba Iztueta dira protagonistak, euren sentimenduak»
Baina mendizaleen «barne prozesuen» irudikapena da Itzalak. «Lagunen artean eginda dago. Andoni Ormazabal urretxuarra eta Joseba Iztueta gabiriarra dira protagonistak, eta bien eskutik gogoeta bat kontatzen du: guztiok daramagun motxila ikusezin bat. Andoni, bere anaia zena Xabiren itzaletik tiraka; eta Joseba, Xabik egin zuen Elurretako lehoinabarra proiektua gauzatzen ari dela sentitutakoen haritik», aurreratu du Alex Areizagak.
Mendi goietako bakardadea, arriskuak, beldurrak eta, azken batean, itzalak azalduko dituzte. Andoni Ormazabal eta Joseba Iztueta gaurko emanaldian izango dira, baita Areizaga ere.
Lau urteko lana

Alex Areizagaren ‘Itzalak’ lanaren estreinaldian, Bilbon. // Argazkia: Mendi Film
Historia «xumeak» daude Itzalak lanean, eta sentimenduak adieraztea du helburu. «Ohiko dokumental informatibo bat ez izaten saiatu ginen. Historia polit bat da, Andoniren eta Josebaren barrura sartzeko aukera ematen duena. Gauza goxoa atera da», dio Areizagak.
Poesia, Oier Laborde dantzariaren dantza garaikidea eta animazioa sartu dituzte ikuskarian, mendiko irudiez eta aipuez gain.
Ilusio handiarekin ekindako lanketa, azkenerako «handi» eta luze suertatu zaiela aitortu du Areizagak. «Lan luze bat egin nahi genuen, baina oso ondo jakin gabe zer. Egoitz Bengoetxea billabonarrak asko lagundu zidan azken forma ematen, gidoiarekin eta». Bilboko estreinaldia, hala eta guztiz, «zoragarria» izan zen. Hunkitu egin zirela esan du zuzendariak. «Oso une berezia izan zen».
Kaleko eskalada, bihar
Bihar, bestetik, street boulder edo kaleko eskalada lehiaketa izango da, Gabiriako plazan. Izena 17:30ean eman, eta 18:00etan hasiko da. Hainbat horma eta zailtasun jarriko dituzte.