Olaberriko baratze publikoen parkeak 31 sail edukiko ditu
Gainera auzoan, karting zirkuiturako bidearen gainaldean egokitu ditu udalak. Alor bakoitzak 40 bat metro koadroko azalera du. Aniztasun funtzionala dutenentzat, bi baratze-mahai ere jarriko dituzte.
Olaberriko baratze publikoen parkea aurki jarriko dute martxan. Martxoaren 14an aurkeztu zuten udaleko ordezkariek herritarren aurrean egitasmoa, eta hamabost eguneko izen-emate epean dago orain prozesua. Martxoaren 31ra arte eman ahalko dute izena 33 sailetako bat erabili nahi dutenek.
Gainera auzoan, karting zirkuiturako bidean eta Ihurreko auzunetik gertu kokatu du baratze-parkea udalak. Belardi izandako sail bat hartu dute, egutera-eguteran. Guztira, 33 sail izango dira erabilgarri: 31 partzela 40na metro koadrokoak dira, eta aniztasun funtzionala dutenek erabili ahal izateko, bi baratze-mahai ere jarriko dituzte. Udalarekin batera, Kutxa Ekogunea Fundazioak, Kimubat enpresak eta Laia kooperatibak ere parte hartu dute herri baratzeen egitasmoa sortzen.
Baratze parkean, baratzezainek erabili ahal izateko beste baliabide batzuk ere jarri dituzte: uraska, konposta-gunea, arraska eta parkearen sarreran kokatua dagoen eraikina, aldagelatarako eta erremintentzako biltegi gisa erabiltzen dena.
Norberaren kontsumorako barazkiak era ekologikoan egiteko aukera emango diete olaberritarrei. Beste hainbat balio lantzeko ere izan daiteke, aurkezpenean aurreratu zutenez: aisialdi aktiborako topagunea, giza talde ezberdinen arteko elkarbizitza eta harremana bultzatuko duen gune berdea, belaunaldi ezberdinen arteko jakintzak trukatzeko jarduera, edota haurren zein helduen artean naturarekiko errespetua sustatzeko eskola.
Hasieran, baratzezainek adituen laguntza eta aholkularitza ere jasoko dute. Udalaren eskutik, Kimubat enpresak hasierako ikastaro bat antolatuko du, baratzaren oinarrizko jakintzak emateko. Ondoren, urtean zehar ere baratzegintza ikastaroak antolatuko dituzte, furgobaratza zerbitzua emango diete, edo baratzeen kudeaketa lanetan lagunduko diete.
Herri baratzea hartu nahi duenak, izena udaletxean eman behar du, martxoaren 31rako. Urtebeterako esleipena egingo dio udalak, baina hiru urtera arte luza daiteke. Zenbait baldintza bete behar dituzte eskatzaileek: Olaberrian erroldatuta egon, gutxienez bi urte lehenagotik; udalarekin zerga-betebeharrak eta gainerako ordainketak egunean eduki; familian beste baratze bat erabiltzen duenik ez eduki; familiako inork ezin du eduki Goierrin nekazaritza-jarduerarako aproposa den lur sailik, ez jabetzan, ez alokairuan; eta beste baratze ekologiko baten erabiltzaile modura zigorrik ez eduki.
Olaberriko Udalak emandako argazkiak: