Sexu indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta emateko krisi zentro bat zabalduko dute Goierrin
Gipuzkoako Foru Aldundiak erakunde arteko mahai bat jarri du abian indarkeria matxistaren aurreko arreta jorratzeko eta koordinatzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak urte amaiera baino lehen 24 orduko hiru krisi zentro zabalduko ditu sexu indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta emateko, eta beste bi babes zentro, bat Goierrin eta bestea Debagoienan. PRTR Funtsen bidez finantzatuko dira zentro horiek. “Helburua da Aldundiak gizarte larrialdiko zerbitzuaren bidez ematen duen arreta indartzea, hurbileko hiru zentro espezializatu zabalduta, emakume bakoitzari erantzun integrala emateko”. Markel Olano diputatu nagusiak adierazpen horiek egin ditu gaur goizean Foru Jauregiaren atarian, Gipuzkoan indarkeria matxistari aurre egiteko erakunde arteko mahaiaren aurkezpenean.
Mahai hori sortzea, 24 orduko arreta-zentroak irekitzearekin batera, erantzunak hobetzeko “aukera bikaina” dela adierazi du, indarkeria-mota horri aurre egiten diotenei arreta integralagoa eskainiz, eta irizpideak kontrastatzeko eta erabakiak modu koordinatuan hartzeko gune egokia da, “hartara, erantzun integral eta guztiz pertsonalizatua emateko emakume bakoitzari”. “Azken batean, krisian esku hartzeko hiru zerbitzuak eta mahaia aktibatuta, oraindik bete ez diren beharrei erantzun nahi diegu eta birbiktimizazioa saihestu nahi dugu”, azaldu du diputatu nagusiak. Lurralde ikuspegi batetik, erantzunkidetasunetik eta ekintzara bideratutako jarduerarekin, batera lan egingo da “emaitza erabakigarriak eta agerikoak” lortzeko.
Hainbat erakundetako 34 ordezkari
Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur goizean Etorkizuna Eraikiz Gunean bildu ditu erakundeetako 34 ordezkari, guztiak ere Gipuzkoan indarkeria matxistaren aurreko arreta koordinatzeko erakundeen arteko mahaiko kideak. Gipuzkoako Foru Aldundia da foro horren buru, Gizarte Politiketako departamentuaren bidez, Berdintasunerako Organoarekin koordinatuta.
Olanorekin batera izan dira Maite Peña Gizarte Politiketako diputatua; Nerea Isasi Emakume eta Gizonen Berdintasunerako zuzendaria; Belen Larrion Haurren Babeseko eta Gizarteratzeko zuzendaria; Donostia, Irun, Arrasate, Eibar, Zarautz, Hernani eta Errenteriako udalak; Saiaz gizarte zerbitzuetako mankomunitatea; Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politika, Osasun eta Justizia sailak; Fiskaltza eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegia, eta Abokatuen Elkargoa. Halaber, eta eremuan duten ordezkagarritasunagatik, lankidetzan jardungo dira beste hauekin ere: Hezkuntza, Etxebizitza eta Lan Saila, Eudel, Arartekoa, Emakunde, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, Gobernu zentraleko ordezkariordetzaren atzerritarren unitatea, eta interes espezifikoa duten eragileak, hala nola, emakumeen etxeak.