'Si ellas hablaran' antzezlana estreinatuko du gaur Urrup Antzerki taldeak
Taldeak azaldu du "kontzientziak astindu eta irribarreak sorrarazi" nahi dituztela lan berriarekin. 20:30ean izango da, Ordiziako Herri Antzokian.

Urrup Antzerki Taldeak bere azken antzezlana estreinatuko du gaur, 20:30ean, Ordiziako Herri Antzokian: Si ellas hablaran. Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan Kimetz Elkarteak antolatzen duen emanaldia da. Sarrerak 5 euroan egongo dira salgai, Herri Antzokiko leihatilan. Rosa Rojoren zuzendaritzapean, Lucia Hurtado, Marisol Cavero, Ana Martinez, Maialen de Carlos, Gorka Lariz, Juan Manuel Pecharroman, Julen Iraola, Izaro Paredes eta Jose Luis Elorza igoko dira taula gainera.
Ana Martinezek martxoaren 8aren harira idatzitako lana da. Iazko denboraldirako Tuppersex antzezlana idatzi zuen, eta berak azaldu bezala, “oso harrera ona” izan du. Urte osoko bira egin dute lanarekin. “Harro esan dezakegu Urrupek antzoki asko bete dituela lan honekin: Ordizia, Beasain, Lazkao, Soraluze, EHUko Donostiako campuseko auditoriuma, Lezo, Lezama, eta duela oso egun gutxi Andoaingo Bastero”.
“Kontzientziak astindu”
Si ellas hablaran, hala, jendaurrean aurkeztuko duten Martinezek idatzitako bigarren obra izango da. Ekoiztetxe batek casting bat antolatu du bere programa berrian kolaboratzaileak topatzeko. Hori da antzezlanaren abiapuntua. Casting-era aurkeztuko diren emakumeak literaturaren historiako protagonista ospetsuak izango dira. Bakoitza bere presentziaren zergatia argudiatzen ahaleginduko da, hipokrisia, pederastia, lan-diskriminazioa, prostituzioa edota genero-indarkeria bezalako gai arantzatsuak jorratu nahian. Ez da, baina, casting soil bat izango.
Taldeak azaldu duenez, “kontzientziak astindu eta irribarreak sorrarazi” nahi dituzte. “Urrupek umorearen alde egingo du, barre egitea ez baita negar egitea bezain mingarri”.
Lehenengoa, laurentzat
31 urte daramatza Urrup Antzerki taldeak urtez urte antzerkia egiten eta haien lana jendarteratzen. Marisol Cavero fundatzaileetako bat izan zen, eta egun taldean segitzen du. Rosa Rojo zuzendariak ere 30 urte daramatza taldean. Beste batzuk, bidean elkartzen joan dira. “Izugarrizko luxua da horrelako talde bat herri batean izatea, 31 urtez, urtero antzezlan bat edo bi aurkeztuz, elebitan”, agertu du Ana Martinezek.
Biharko emanaldia lehenengoa izango da Lucia Hurtadorentzat, Maialen De Carlosentzat, Julen Iraolarentzat eta Izaro Paredesentzat. “Oso pozik gaude. Urrupek behar zuen odol berria”. Jose Luis Elorza urte batzuk kanpoan izan da, eta lan honekin itzuli da taldera.
Ateak zabalik
Antzerkigintza “terapeutikotzat” jo dute taldekideek. Si ellas hablaran ikustera deitu dituzte herritarrak, eta hurrengoetarako jendea animatu dute parte hartzera. “Ateak zabalik ditugu”.