Ateak Ireki proiektuan parte hartzera deitu dituzte Goierriko familiak
Apirilaren 17a baino lehen eman behar dute izena ekainaren 25etik uztailaren 16ra etorriko diren 53 gazteei ateak irekitzeko prest dauden familiek. Ingelesa ikasteko aukera ere izango da.
Goierriko familiak Ateak Ireki proiektuan parte hartzera deitu dituzte antolatzaileek. Ameriketako Estatu Batuetako 53 gaztek hiru asteko egonaldia egingo dute udan, Goierrin, eta haien etxeetan hartuko dituzten familiak behar dituzte. Batzen Euskal Komunitatearen Proiektu Dinamikarako elkarteak, Maizpidek, Goiekik, Goierriko udalerriek, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiek, Eusko Jaurlaritzak eta N.A.B.O Ipar Amerikako Euskal Erakundeak bultzatutako proiektua da. Helburu nagusia, urte batzuk barru euskal komunitatearentzat estrategikoak izango diren harremanak lortu eta sendotzea da.
Angel Oiarbide Ateak Irekiko harreman eta babesleen arloko koordinatzaileak azaldu duenez, «Euskal Komunitateko dimentsioa duen epe luzeko proiektua» da, «instituzio, elkarte eta herri ekimenaren arteko elkarlanean» oinarritutakoa. Aurrekari bat badu. Hain justu, duela 50 urte Pat Better-ek sustatu zuen proiektua, Oñatin. Garai hartan, hainbat gaztek egin zuten egonaldia bertan, epe luzeko harremanak lortuz eta mundu osoko euskal komunitate sarea indartuz. Mende erdi geroago, Goierrin eman diote jarraipena proiektuari. «Oinarria harremanak dira. Horregatik dira garrantzitsuak Goierri mailan euskal komunitateari ateak irekiko dizkion familia sarea sortzea».
Ezagutza, «ezinbestekoa»
Oiarbideren hitzetan, gazteei ateak irekitzean, «familiei ere euskal komunitatearen ateak irekiko» zaizkie. Zortzi milioi pertsona baino gehiagok osatzen dute euskal komunitatea. Komunitatearen potentziala azaleratzeko, baina, elkar ezagutza «ezinbestekotzat» jo dute. «Harreman pertsonalek olioztatu behar dute gure komunitate zabalaren engranajea, eman dezakenaren fruituak ikusten eta dastatzen hasteko». 53 gazteei ateak irekiko dizkieten 53 familia behar dituzte. Herri estrategia garatzeko modua izateaz gain, Goierriko gazteentzat ingelera ikasteko aukera ere izan daiteke. «Lotura kulturalak ditugun komunitatean, datozen gazteek euskara ikasi eta gure gazteek ingelera ikasteko aukera da», zehaztu du Oiarbidek.
Angel Oiarbide. Ateak Ireki dinamikako Harreman koordinatzailea
«Harremanek olioztatu behar dute komunitatearen engranajea»
Arantxa Ortiz. Izena eman duen familiako alaba
«Euskaraz egingo dugu betiko moduan, eta niri ondo etorriko zait praktikatzeko»
«Elkar trukea»
Ixabel Elorza, Lierni Ortiz eta Arantxa Ortiz ama-alabek osatzen duten familiak izena eman du. Zegaman bizi dira, eta etorriko diren gazteren bati ateak irekitzeko prest daude. GOIERRIKO HITZAren bidez izan zuten ekimenaren berri, eta «arrazoi sendorik» gabe, izena ematea erabaki zuten. «Jendeak euskaraz ikasteko interesa baldin badauka, etxe honetan euskaraz egiten dugu», azaldu du Ixabel Elorzak. Astean behin, online, Txileko euskara ikasle batekin mintzapraktika egiten du berak. Elkar trukeren bat egin dute inoiz etxean, baina euskara ikasiko duen gazte bati ateak irekiko dioten lehen aldia izango da. Arantxa Ortiz alabak azaldu bezala, «elkar trukea» izango da: «Euskara ikasi nahi badu eta ez badaki, pazientziaz hartuko dugu. Guk euskaraz egingo dugu betiko moduan, eta niri ondo etorriko zait ingelesa praktikatzeko ere».
www.ateakireki.eus webgunean eman dezakete izena parte hartu nahi duten familiek, apirilaren 17a baino lehen.