Bi goierritar, Ahoz Aho XI. ipuin narrazio lehiaketako gaurko finalean
19:00etan, Barrenan, Ahozkotasunaren Gala Nagusia eta XI. ipuin narrazio lehiaketako finala egingo dira. Maider Alcelay arrasatearra, Birjiñe Albira iruindarra eta Arrate Leunda ordiziarra izango dira artista gonbidatuak.
Intujai Teatrok, Ordiziako Udalak eta Tolosako Udalak antolatutako Ahoz Aho ahozkotasunaren jaialdiaren barruan, Ahozkotasunaren Gala Nagusia eta XI. ipuin narrazio lehiaketako finala izango dira gaur, Ordiziako Barrena kultur etxean, 19:00etan. Otsailean lehiaketako kanporaketa izan zen, eta hiru finalista hautatu zituzten epaileek eta publikoak. Tartean, bi goierritar daude. Urtzi Gorostiaga ataundarra, Irati Goikoetxea beasaindarra eta Ane Arrugaeta gasteiztarra dira finalistak.
Bost partaide aurkeztu ziren lehiaketara. Bi finaletik kanpo geratu ziren. Gorostiagak publikoaren botoarekin egin zuen aurrera, Gaztainondoaren laguna ipuinarekin. Pertsona baten eta gaztainondo baten arteko harremana du ardatz kontakizunak. Irati Goikoetxeak, Masusta Gorria ipuina kontatu zuen, Zubizarreta idazle ordiziarraren Maitasunaren masustak ipuinean oinarrituta, eta Ane Arrugaetak, berriz, Maritxuri gustatzen zaion istorioa azaldu zuen, krokodilo bat zela uste zuen herensugearen istorioa, alegia. Goikoetxea zein Arrugaeta epaileen erabakiz pasa ziren finalera.
Hiru finalistek berriro kontatuko dituzte haien ipuinak, eta aurtengo irabazlea nor den epaimahaiak hautatuko du. Lehenengo sailkatuak 300 euro lortuko ditu, bigarrenak 200, eta hirugarrenak 100 euro. Iñaki Carretero ipuin-kontalariak aurkeztuko du ekitaldia, eta galako artista gonbidatuak, aldiz, Maider Alcelay arrasatearra, Birjiñe Albira iruindarra eta Arrate Leunda ordiziarra izango dira.