Ezkioko herri zerrenda aukeratzeko prozesuan 106 pertsonak hartu dute parte
Pasa den asteburuan jaso zituzten Ezkion udal hauteskundeei begira herri zerrenda osatzeko herritarrek egindako proposamenak. Joseba Telleria Ezkioko alkatea, parte hartzearekin “gustura” agertu da, “orain lau urteko datuekin alderatuta %25 igo da inkestak erantzun dituztenen parte hartzea. Guztira, 106 pertsonek hartu dute parte prozesuan, proposamena luzatu zezaketen 350 pertsonatik”, esan du. Bozkatuenen artean dago Telleria bera eta proposamenen zerrendan egoteak parte hartzera derrigortzen ez duen arren, Telleriak zerrendan parte hartuko duela baieztatu du.
Orain lau urte ekin zioten Ezkion herri zerrenda osatzeko prozesu berriari. “Gure apustua zerrenda aukeratzeko sistema erabat aldatzea izan zen”, gogoratu du alkateak. Prozesu berriaren helburua “zerrenda hori edozein herritarrek modu askean osatzeko aukera izatea” izan da beti.
Aurtengo parte hartzean izan duten gorakada, prozesua bera bizilagunen artean barneratzen ari den seinale da alkatearen iritziz, “ematen du jendeak gustuko duela egiteko modu hau”, esan du. Zerrendak osatzeko prozedura bera ere herritar guztien artean adostuta dagoela gogorarazi du Telleriak.
Prozesuan, edozein herritarrek egin behar duen ariketa izaten da 10 pertsonara arteko izen zerrenda bat proposatzea. Hain zuzen, 106 herritarren proposamenak bildu zituzten pasa den asteburuan, eta orain, izen zerrendak aztertu eta gero 23 proposatuenekin lehendabiziko bilera bat egin zuten atzo arratsaldean, hemendik aurrera udal hauteskundeetara aurkeztuko den behin betiko herri zerrenda zein izango den erabakitzea izango dute lehentasuna.