Ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntua jarri dute Beasainen
Gernika pasealekuko aparkalekuan kokatuta dagoen azpiegitura berriak bi ibilgailu aldi berean karga ditzake. Ingeateam Indar Machine enpresak garatutako teknologia du azpiegitura berriak.
Ibilgailu elektrikoentzako lehenengo karga puntua jarri dute Beasainen. Leire Artola Beasaingo alkateak azaldu duenez, “aldi berean bi ibilgailu kargatzeko gaitasuna du”. Honakoa, “lehengo mugarria” dela adierazi du Artolak, “Udala datozen urteetan udalerriko aparkaleku nagusietan karga puntu gehiago jartzeko lanketa burutzen ari da” gehitu du. Gernika pasealekuan kokatu duten karga puntua, “bertako enpresa batek garatutako teknologia izatea ez da kasualitatea”, azaldu du alkateak; “Udalak lanketaren hasieratik bilatu du Indar Ingeteam-en produktu bat herrian edukitzea”. Enpresaren ordezkaritza batek ere parte hartu du gaurko aurkezpenean.
Ezaugarri teknikoak
Azpiegitura berriaren inguruko xehetasun gehiago eman ditu Adur Ugartemendia zinegotziak.: “50 kW-ko potentziadun Ingeteam Rapid-50 Trio karga puntu azkarra da instalatu dena. Jasotzen dituen konexio eta ezaugarriei esker, edozein ibilgailu elektriko edo hibridoekin bateragarria da. Gailuak 2 hartune ditu, korronte jarraiko 50 kW-rainoko bikoitz bat (Chademo eta CCS combo konexiodunak) eta 22kW-rainoko korronte alternoko bigarren bat. Horrela bi ibilgailuei zerbitzua eman diezaioken azpiegitura batez ari gara hitz egiten”.
Kargatzen ari den den ibilgailuen bateria eta ezaugarrien arabera, “50kW-rainoko hartunearen bitartez kargaren %75a, 45 minututan egin ahal izango da eta bi ordu inguru beharko dira 22kW-rainoko hornidura erabiltzen bada”, erantsi du zinegotziak zehaztapen gehiago emateko. Tarifari dagokionez, “0,39 euro/KW orduko”.
Ordainketari dagokionez, ahalik eta erosoena izan dadin Udalak bi aukera eskaini dizkie erabiltzaileei: batetik, Zunder aplikazioaren bitartez egin ahal izango da, eta bestetik, txartel bidezko ordainketa zuzena App-a deskargatu beharrik izan gabe. Zunder aplikazioak gainera, karga puntuen mapa gehitzen du.