Goierri garaiko 16 urtez azpiko 80 taldek egiten dituzte entrenamenduak euskaraz
Goierri garaian 16 urtez azpiko 97 kirol talde daude eta horietatik 80k euskaraz entrenatzen dute, Mankomunitateak 2022-2023 ikasturtean egin duen ikerketaren arabera. Mankomunitateak Erdiratu! kanpaina jarri behar du martxan entrenamenduak euskaraz egiten dutenen lana aitortzeko eta gainontzekoek ere entrenamenduak euskaraz egitea lortzeko.
Ikerketaren emaitzak eta kanpaina gaur eguerdian aurkeztu dituzte Urretxuko udaletxean. Ekitaldian Jon Luqui Urretxuko alkate eta Mankomunitateko lehendakariak, Nerea Errasti Zumarragako zinegotziak, Maite Lonbide Legazpiko zinegotziak, Joseba Beltza Emun kooperatibako teknikariak eta Aitor Lizarazu Zumarragako Euskara teknikariak parte hartu dute.
Beltzak azaldu duenez, 23 kirol elkarte eta kirol zerbitzuk hartu dute parte diagnostikoan. 1.664 gazteren jardurna ikertu dute. 16 urte bitarteko 80 talde dira entrenamenduak euskaraz egiten dituztenak. Bost klub handienetan horretarako zailtasunak dituzte eta klub horietako talde guztiek ez dituzte entrenamenduak euskaraz bakarrik egiten. Bost klub horiek Urola (futbola), Urola (eskubaloia), Ilintxa (futbola), Andraitz (saskibaloia) eta Goierri (saskibaloia) dira. Talde horiek dira handienak eta, beraz, entrenatzaileak aurkitzeko zailtasun handienak dituztenak. “Klub horiek 20 entrenatzaile dituzte, batezbeste. Gainontzeko klubetan hiru entrenatzaile dituzte, batezbeste. Futbolean eta eskubaloian egiten da gehien gazteleraz: %40 inguru”. Bestalde, euskaraz entrenatzen duten neska taldeen portzentaia euskaraz entrenatzen duten mutil taldeena baino handiagoa da.
Luquik talde guztiek euskararen sustapenean duten garrantzia eta egiten duten ekarpena azpimarratu du. Mankomunitateko udalek kirolean euskararen erabilera sustatzen jarraituko dutela gaineratu du.
Horretarako, bereziki bost klub horietan eragin nahirik, komunikazio kanpaina egingo du Urola Garaiko Mankomunitateak. Lizarazuk Erdiratu! kanpainak bi helburu dituela aipatu du. Alde batetik, entrenamenduak euskaraz egiten dituzten gaztetxoak erdira ekarri nahi ditu, gainerakoak erakarri ditzaten. Bestetik, entrenamenduak euskaraz egiten ez dituzten taldeak euskara erdira ekartzera bultzatu nahi ditu. Sei bideo labur grabatu dituzte, sare sozialetan zabaltzeko. Horietako bostetan, bost klub handietako jokalari eta entrenatzaileak ageri dira. Euskaraz entrenatzen dutenak, hain zuzen ere. Seigarren bideoan entrenamenduak euskaraz egiten dituzten 80 taldeen argazkiak jaso dituzte. Kanpaina gaur abiatu da eta maiatzean amaituko da.