Iñaki Mendiluze Txugiren oroimenezko futbol txapelketa apirilaren 6an jokatuko da
Aurten ere emakumezkoen zortzi taldek eta gizonezkoen beste zortzik parte hartuko dute
Ostegun Santu egunean (apirilaren 6an) Iñaki Mendiluze Txugiren oroimenezko 26. futbol txapelketa jokatuko da, Zumarragako Argixao futbol zelaian.
Iazko moduan, emakumezkoen zortzi taldek eta gizonezkoen beste zortzik parte hartuko dute. Emakumezkoen txapelketan 2009an eta 2010ean jaiotako neskek parte hartuko dute. Haur mailakoak. D multzoan Real Sociedad, Intxaurdi (Donostiako Intxaurrondo auzokoa), Aloña Mendi (Oñatikoa) eta
Urola taldea arituko dira. E multzoan, berriz, Dux Logroño, Elgoibar, Lakua (Gasteiz) eta Goierri Gorri taldeek jokatuko dute.
Gizonezkoen txapelketan 2011n jaiotakoek parte hartuko dute (kimu mailakoak). A multzoan Real Sociedad, Eibar, Arnedo eta Arrasate taldeak lehiatuko dira eta B multzoan Alaves, Aloña Mendi, UDA (Aretxabaleta) eta Urola.
Txapelketaren lehen fasea 09:30ean hasiko da eta bigarrena 12:30ean. 12:25ean, klubak eta senitartekoek lore eskaintza egingo dute Mendiluzeren oroimenezko monolitoan.
Partidak beheko eta goiko zelaian jokatuko dira. Guztiek 20 minutuko iraupena izango dute. Lehen fasean talde guztiek hiru neurketa jokatuko dituzte. Multzo bakoitzeko bi onenak Txapeldunen Ligara pasako dira eta hirugarren eta laugarren postuan sailkatzen direnek Kopa jokatuko dute.
Batean zein bestean, finalerdia, hirugarren posturako partida eta finala jokatuko dira. Kopako finala 14.00etan jokatuko da eta Txapeldunen Ligakoa 14.30ean. 15.00etan sari banaketa egingo da.
Txapelketa gaur aurkeztu dute, Zelai Arizti kultur etxean. Ekitaldian Jotxin Iturbe Urolako presidenteak, Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Jon Luqui Urretxuko alkateak parte hartu dute. Txapelketa aurkezteaz gain, Urolak bi udalak omendu ditu. Ohorezko Indar Hori bazkideak izendatu ditu, urte hauetan guztietan klubari eskainitako laguntzarengatik. Iaz Goierri-Urola Erakunde Sanitario Integratua izendatu zuten ohorezko Indar Hori bazkide.