Jon Luqui izango da EAJren Urretxuko alkategaia
EAJren batzarrak Jon Luqui Albisua aukeratu du berriro Urretxuko alkategai izateko. Luquik bi legealdi daramatza alkatetzan.
Urretxun jaio zen 1968an. EHUn Zuzenbidean lizentziatua, bi urte eman zituen Belgikan europear zuzenbide ekonomikoan master bat egiten. Ondoren, Finantza Kudeaketan graduondokoa egin zuen eta Executive Masterra Deustuko Business Schoolean.
2003. urtean bere ibilbide politiko publikoa hasi zuen. Gipuzkoako Batzar Nagusietan bere barrutiko ahaldun hautatu zuten eta handik hilabete batzuetara Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretarako departamentuko Plangintza eta Kudeaketarako Sistemen zuzendari orokorra izendatua izan zen. 2008. urtea geroztik Pasaiako Portu Agintaritzan Administrazio eta Kudeaketarako Sistemen arloburua da. Egun, postu horretan eszedentzian dagoelarik.
Hamar urte baino gehiagoz Urretxu-Zumarragako EAJren Uri Batzarreko presidentea izan da. Zinegotzia izan zen eta bi legealdi daramatza alkatetzan.
Enpresa munduarekin zerikusia duten gaiekiko “aparteko sentsibilitatea” du, bereziki Goierri garaiaren garapen ekonomikoari dagokionez. Uggasa garapen agentziako zuzendaria izan zen eta 2001. urtetik aurrera bere lanak Urretxuko familia izaerako enpresa baten zuzendaritzarekin bateragarri egin ditu. 2021eko martxoan Uggasako eta Urola Garaiko Mankomunitateko presidente izendatua izan zen, baita UGLEko patronatokoa ere.
Erronka honi ilusioz heltzen diola aipatu du. “Proiektu estrategikoak bultzatzen jarraituko dugu. Bi legealdi hauetan etorkizunean egin beharko diren hainbat proiektu garrantzitsuri aurre egiteko oinarriak jarri dira. Hori dela eta, 2019ko hauteskundeetako emaitzak berretsi nahiko nituzke”.