Pasek Belenosen aurka jokatuko du igandean Ampo Ordiziak
Bigarren itzuliko bigarren partida izango da, Barçaren kontrako partida bertan behera geratu zelako. Complutense Cisneros sartu da azkenean beheko multzoan.
Ampo Ordiziak Pasek Belenosen aurka jokatuko du igandean, Avilesen (Asturias), Muro de Zaro zelaian, 12:30ean. Bigarren itzuliko bigarren partida izango da ordiziarrentzat. Lehenengoan, 85-24 irabazi zion Ampo Ordiziak La Vilari. Martxoaren 11ko partida bertan behera geratu zen, eta apirilera atzeratu dute.
Barçaren aurka jokatu behar zuen Ampo Ordiziak martxoko partidu hori. Lehen itzuliaren amaieran, Complutense Cisnerosek Barça salatu zuen aldaketa bat gaizki egiteagatik, eta Rugby Federazioak puntuak kendu zizkion zigor moduan. Bartzelona, hala, Errege Kopatik kanpo geratu zen, beheko multzoan, eta Cisneros sartu zen goiko multzoan. Barçak, baina, errekurtso bat jarri zuen, eta TADek arrazoia eman dio. Hala, Barça A multzoan sartu da, eta Cisneros B multzoan. Horregatik geratu zen bertan behera Barçaren eta Ampo Ordiziaren artekoa.
Ampo Ordiziaren bigarren itzuliko hurrengo partiduak:
- Igandean: Pasek Belenos-Ampo Ordizia.
- Apirilak 2: Ampo Ordizia-Pozuelo Rugby Union.
- Apirilak 13: Complutense Cisneros-Ampo Ordizia.