Pago landaketa egingo dute igandean Enirio-Aralarren
Ataungo San Martingo plazan 8:00etan elkartuko dira, eta Errekabeltzeko langan, 8:45ean. Bertaratzeko asmoa dutenek e-posta bidez jakinarazi behar dute. Ganbotxiki eta Uzkuiti artean egingo dute landaketa.
Iganderako, apirilaren 2rako, zuhaitz landaketa antolatu dute Enirio-Aralar Mankomunitatean. Zehazki, pagoak landatuko dituzte, Ganbotxiki eta Uzkuiti artean. Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin egiten ari diren mendien babeserako proiektuaren parte da igandeko ekimena.
Mankomunitateak jakinarazi duenez, “goi larretan mendizaleentzat zein abere eta beste bizidunentzat babes eremuak sortzea eta lurzoruen erosioa ekiditea” du helburu proiektuak. 8:00etan elkartuko dira Ataungo San Martingo plazan, eta ondoren, 8:45 inguruan, Errekabeltzeko langan. Elkarrekin ibilbide bat eginez igoko dira eremura, eta 11:00-11:30 aldera pago landaketari ekingo diote.
Animatuko diren bolondresentzat hamaiketakoa izango da. Bakoitzak bere kantinplora igotzea, oinetako egokiak eta aldatzeko arropa eramatea gomendatu dute. Landaketa egiteko tresnak Mankomunitateak jarriko ditu.
Bertaratzeko asmoa dutenek enirioaralar15@gmail.com helbidean jakinaraztea eskatu dute. Aurreikuspenak onak dira, baina eguraldi txarrak behartuta aldatu beharrik izango balitz, www.enirioaralar.eus webgunean jakinaraziko lukete.