Special Trap Residence-en kontzertua izango da apirilaren 22an, Plaza Nagusian
‘Gipuzkoan Gazte Tour’ ekimenaren 2. edizioa Ordizian ere egingo da. Artista gonbidatua Ayvee izango da, eta DJ Josu Rodriguezek girotuko ditu emanaldiak. Doan izango da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat udalerrirekin elkarlanean antolatutako ‘Gipuzkoan Gazte Tour’ ekimena Ordizian ere izango da aurten. Ekimenaren bigarren edizioa izango da. Apirilaren 22an, Special Trap Residence taldeak joko du Ordiziako Plaza Nagusian. Iaz ere Ordizian geldialdia egin zuen Gipuzkoan Gazte Tour birak. Skakeitan donostiarrek egin zuten kontzertu nagusia, eta aurretik, diskoa atera berri duten Hizpide segurarrek jo zuten.
STP Special Trap Residence Donostian sortutako Bizkaiko taldea da. Danae Riaño da burua, eta trap estilotik gertu dauden pop doinuak sortzen dituzte, malenkonia, desamodioak edota gaua gai hartuta. Trap-a jorratzen badute ere, estilo horri lotutako kanonetatik urruntzen diren soinu eta ideiak lantzen dituzte, eta generoan errepikatzen diren rolak parodiatzen dituzte.
Adur Ezenarro Ordiziako alkateak «oso garrantzitsutzat» jo du gazteentzako programak eskaintzea. «Jarduera asko egiten ditugu herrian, bereziki kulturaren esparruan. Baina, gure ustez, funtsezkoa da publiko jakin bati zuzendutako ekitaldiak egitea, kasu honetan, gazteei zuzendutakoak».
STP ez da talde bakarra izango. Artista lokal gonbidatua Ayvee izango da. Andrea Vitoria tolosarraren proiektua da. Duela urte eta erdi bortxaketa bat jasan zuen eta ‘Medusa’ izeneko diskoaren bidez bizitakoak askatu ditu. Girotzea, aldiz, DJ Josu Rodriguez Donostiako DJaren esku egongo da. 2011n taberna eta lokal txikietan lan egiten hasi zen DJ moduan, eta egun, bere pasioa ogibide bihurtu du. 20:00etatik aurrera izango dira emanaldiak, doan.