Zaldibian bertso-afaria antolatu dute orain arteko lau zapidunekin
Udazkeneko Zapi Janztean izandako Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Nerea Ibartzabal eta Eneko Araiztegi gonbidatuko ditu Zapiak Bat elkarteak, apirilaren 21ean Joxepanen kantatzeko.
Zaldibiako Udazkeneko Zapi Janztea bertso-afari eta ‘zapiketa’ saioak sei urteko ibilbidea egin du. 2017an hasi zen Zapiak Bat elkartea ekitaldia antolatzen. Lau bertsolari ekarri, afaldu, eta ondorengo saioarekin gozatu. Entzuleek gustukoena aukeratu ohi dute, eta buruko zapia lotzen diote hari, ‘txapeldunaren’ ikur gisa.
“Emakumearen ikurra den euskal zapiari bere aitortza emateko sortu zen ekitaldia. Geroztik, zapidun izatea irabazle izatea bihurtu da”, azaldu du Zapiak Bat elkarteak, antolatu dute saio baten iragarpena egiteko. “Aitzakia nahikoa iruditu zaigu lau zapidunak bertso afari baten bueltan biltzeko eta zapiak Zaldibian egin duen ibilbideari bere omenalditxoa egiteko”.
Apirilaren 21ean, Joxepane tabernan izango da bertso-afari hori. Orain arte ‘zapidun’ izan diren lau bertsolari gonbidatuko dituzte: Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Nerea Ibartzabal eta Eneko Araiztegi ‘Korta’. Afari-txartelak (30 euroan) gaur jarri dituzte salgai, Joxepanen bertan. Lekua mugatua dela, eta afaritarako asmoa duena bizkor ibiltzeko aholkatu dute.
Hauek dira Udazkeneko Zapi Janztean orain arte nabarmendutako bersolariak:
- 2017: Maialen Lujanbio
- 2018: Maialen Lujanbio
- 2019: Andoni Egaña
- 2020: Pandemiagatik ezin izan zen antolatu
- 2021: Nerea Ibarzabal
- 2022: Eneko Araiztegi Korta