Zegama-Aizkorriren aitzakian ia 30 emakumek egonaldia dute asteburuan
Emakumeei zuzendutako lehenengo 'Zegama Salomon Camp' egingo dute asteburuan. Kirola, aisia eta natura ditu oinarrian egonaldiak. Oihartera eta Aranburu gaztandegira bisitak.
Zegama Salomon Camp women´s edition asteburuko egonaldia egingo dute lehenengoz Zegaman datorren asteburuan. Egonaldia Salomon etxeak antolatu du Zegama-Aizkorri mendi lasterketako antolakuntzaren babesean. Kirola, mendia, natura eta aisialdia ditu oinarrian egonaldiak, Zegama-Aizkorri mendi lasterketaren aitzakian.
2019an antolatu zuten lehendabizikoz Zegama Salomon Camp, mendian korrika egiten zuten gizon zein emakumeei zuzenduta. Pandemia pasata, iaz egin zuten bigarrena. Egonaldi misto horietan emakume gutxik parte hartzen zutela ikusita, aurten emakumeei soilik eskainitako egonaldia antolatzea erabaki dute, Oihana Kortazar, mendi lasterkariak kontatu duenez. Ia 30 emakumek eman dute jada izena.
Bi entrenamendu saio
Zegamako Arrieta Haundi nekazal etxea izango da kanpamentu nagusia. «Hitzaldiak, entrenamendu saioak eta Goierri ezagutzeko bisitak» dituzte antolatuta, «elkarrekin egoteko eta aisialdiaz eta kirolaz gozatzeko» egonaldia izango da Kortazarren hitzetan.
Ostiralean Kortazarrek berak emango dio hasiera egonaldiari Teideko erronkaren inguruko hitzaldiarekin. Larunbatean «zoru pelbikoa, hipopresiboen garrantzia eta indar entrenamenduak emakumezkoetan» izango dituzte hizpide, Sopelako Fisiobide fisioterapia zentroko adituen eskutik.
Kirolari dagokionean bi entrenamendu saio egingo dituzte: bat larunbat goizean eta bestea igandean, «Zegama-Aizkorriko 42 kilometroak ez ditugu egingo bere osotasunean, baina tokirik politenak eta esanguratsuenak» bisitatuko dituzte. Igandeko saioan Malen Osa korrikalaria joango da beraiekin entrenatzera.
Goierri ezagutuz
Aisiak ere badu bere garrantzia asteburuko egonaldian eta Goierri eta bere inguruak ezagutzeko aukera izango dute. Larunbatean Idiazabalgo Aranburu gaztandegia bisitatuko dute eta ondoren, Zeraingo Oiharte sagardotegira joango dira afaltzera.