Autismoa gogoratzeko, kolore urdina izango da nagusi aste osoan
Nahasmendu hori duten pertsonen familien ikuspegia eman dute jakitera hitzaldian. Gautenak festa egingo du larunbatean. Udaletxea urdinez argiztatuta egongo da aste osoan.
Legazpiko Udalak bat egin du apirilaren 2ko Autismoaz Kontzientziatzeko Munduko Egunarekin, eta Autismoaren astea antolatu du, martxoaren 27tik apirilaren 2ra bitarterako. Autismoaren nahasmendua duten pertsonen senideen Gipuzkoako Gautena elkartearekin lankidetzan, hainbat jarduera prestatu ditu aste honetarako.
Autismoari buruz sentsibilizatzea eta herritarrei informazioa helaraztea da helburua, autismoaren espektroko nahasmenduak dituzten pertsonen harrera sozialean arreta jarrita. Jatorri neuro-biologikoa duen izaera bat da autismoaren espektroko nahasmendua (AEN), nerbio sistemaren konfigurazioan eta garunaren funtzionamenduan eragiten duena.
Hitzaldia eta festa eguna
Udalak eta Gautenak antolatu duten asteari hasiera emateko, astelehenean Autismoa Gipuzkoan. Familien ikuspegia izenburuko hitzaldia egin zuten Kultur etxean. Bertan, Gautenako Zuzendaritza Batzordeko kide diren Patxi Agirrek, Javier Garciak eta Jose Conejok parte hartu zuten, elkarteko kide den Maite Sanzekin batera.
Apirilaren 1a, larunbata, festa eguna izango da. Egun osoan, txu-txu tren bat ibiliko da Legazpiko kaleetan, 10:30etik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara. Trena egokituta dago, bertan gurpil-aulkian dauden bi pertsona igotzeko.
Egun berean, arratsaldean, Azokan, 16:00etatik 20:00etara, jolas inklusiboekin osatutako haur parkea egongo da. Gautena elkarteko postu bat ere egongo da 17:30etik 20:00etara, autismoari buruzko sentsibilizazio materiala banatzeko eta hainbat produktu saltzeko.
Kolore urdina
Bestalde, aste osoan zehar kolore urdinarekin egongo da argiztatuta udaletxeko fatxada. Kolore urdinak autismoa duten pertsonek eta haien senideek egunero bizi dutena adierazten du. Gautenak dioenez, kolore horren berezitasuna da «udako egun batean itsasoa bezain distiratsua dela, eta beste batzuetan ilun-iluna, ekaitz gogorra bizi duen itsaso baten antzera». Alegia, «autismoa bera bezala».
Autismoari keinu bat egin eta aste osoan urdin koloreko arropa erabiltzera animatzen ditu herritarrak udalak.