Dolarea parkeko berdeguneak ureztatzeko sistema berria jarri dute
Ureztatze sistema berriarekin, "berdeguneak gerturatzen diren erabiltzaileentzako baldintza egokietan edukitzea" nahi du Beasaingo Udalak
Dolarea parkeko berdeguneak ureztatzeko sistema berria jarri du Beasaingo Udalak, “gerturatzen diren erabiltzaileentzako baldintza egokietan edukitzeko helburuarekin”.
Jarri duten sistemaren inguruko xehetasunak ere eman dituzte. Azken teknologiadun sistema da eta horri esker, Dolarea parke osoko berdeguneak ureztatu ahalko dira. Parkea zortzi sektore ezberdinetan banatuko da eta bi ur hartune egokitu dira. Guztira, ebakidura ezberdineko 900 metro hodi sartuko dira. Ureztatzea, telefono mugikorrentzako aplikazio baten bidez kontrolatuko da nahieran martxan jartzeko.
Horretaz gain, euri sentsorea izango du. Sentsore honen bidez, euria ari duela atzematean ureztatzea ez da gauzatuko. Azpiegitura hau jartzeko lanak datozen egunetan amaitzea espero da eta honen aurrekontua 21.600 (+ bez) eurokoa da.