Itsasoko batzordeak herri batzarra egingo du larunbatean
Itsasoko Batzordeak herri batzarra deitu du larunbat honetarako, maiatzeko udal hauteskundeei begira osatu duten batzordearen berritze prozesua, dendaren galdetegietatik ateratako ondorioak eta Itsaso udal entitate txiki izendatzeko Siadecorekin egindako galdetegitik ondorioztatutako gaiak izango dituzte hizpide. Itsasoko Ganbara aretoan da hitzordua, bihar, 18:00etan.
Itsasoko batzordea berritzeko prozesuari dagokionez, martxoaren 25ean egindako galdetegian boto gehien jaso zituzten herritarrekin egindako bileran ondoko zerrenda osatu dute maiatzeko udal hauteskundeei begira: Gorka Sasieta, Anttoni Okariz, Maixabel Olanga, Olatz Iza, Asier Sasieta, Kaio Iraeta, Belen Iza, Jexux Gorrotxategi, Kizkitza Oria eta Xabier Elgarresta.
Bestelako gaiak
Etziko herri batzarrean landuko dituzten beste gaien artean Alegin kokatuko den dendaren inguruan egindako galdetegitik ateratako ondorioez eta eman beharreko hurrengo pausoez hitz egingo du Gorka Egiak. Bestetik, Itsaso auzo udal izatea ahalbideratuko duen prozesuaren inguruan Siadecorekin batera otsailean egindako galdetegitik ateratako ondorioak azalduko dituzte Itsaso Osak eta Juanjo Allurrek.