Santa Engraziko gurutzea berritzeko laguntza eskatu dute Seguran
Segurako Santa Engrazi baselizako Kristo gurutziltzatuaren irudia zaharberritzeko segurarren laguntza eskatu du Segurako parrokiako batzordeak. Santa Engraziko Kristo gurutziltzatua XVI. mendeko irudia da eta batzordetik adierazitakoaren arabera “kalte handiak dauzka”. Prentsari helarazitako oharrean azpimarratu dutenez, “gure aurrekoek mendeetan zehar erabili eta gorde izan dute irudi hau. Orain, gaur egungo segurarroi dagokigu hura berreskuratu eta zaintzea”.
Zaharberritzeko lanek “4.053,50 euroko aurrekontua” duela jakinarazi dute eta horregatik, segurar bakoitzari 40 euroko ekarpena egiteko eskatu diote, “diru kopuru hori eman ezin baduzu ere ongi etorria izango da edozein laguntza”, zehaztu dute.
Diru laguntza Kutxako 2095 5066 7310 6038 5860 kontuan eman daiteke. Nahiago izan ez gero Bizum bidez ere bai, 688 618 899 (Pello Agirrezabal) zenbakian, baita parrokiako batzordeko edozein kideri eskura emanda ere.
Gurutzearen tradizioa
1745etik Ostiral Santu goizean Gurutz Bidea egiten dute Seguran Santa Engrazia ermitan hasita. Aspaldikoa da Seguran, erein aurretik Santa Engraziko ermitan haziak bedeinkatzeko ohitura ere. Ostiral Santuko Gurutz Bideari hasiera emateko bertan dagoen Kristo Gurutziltzatuaren gurutzeari muin ematen zaio. Gurutzea XVI. mendekoa izanik “balio artistiko handikoa” dela gogorarazi dute batzordetik. Egoera txarrean egonagatik aurten ere gurutzeari muin emateko aukera izango dute hala nahi duten segurarrek. Era berean, Ostiral Santuko arratsaldeko Nekadiaren ospakizunean erakusgai jarriko dute parrokian.