Triziklo ibilaldi bereziak egingo dituzte egun osoan zehar Legazpin
Bizikletaz Adinik Ez elkarteko boluntarioek gidatuko dituzte trizikloak. Tipi-Tapako partaideak eta Santikutz Egoitzako, Eguneko Zentroko eta Garaguneko erabiltzaileak eramango dituzte.
Bizikletaz Adinik Ez elkarteak eta Real Sociedad Fundazioak ekimen berezi bat ekarri dute gaur Legazpira, eta herrian zehar boluntarioek gidatutako trizikloetan ibilaldiak egiteko aukera eskainiko diete hainbat legazpiarri. Egun osorako etorri dira, eta 10:30ean hasita, osteguneroko Titi-Tapako partaideekin egin dituzte lehen ibilaldiak. Gero Santikutz egoitzako, Eguneko Zentroko eta Garaguneko erabiltzaileen txanda izango da.
Maite Lonbide zinegotziak aurkeztu du udalak bultzatzen duen ekimen hau, trizikloak martxan jarri aurretik. Ostegun goizetan ariketa fisikoa egiteko eta belaunaldien arteko harremanak sustatzeko helburuarekin egiten diren Tipi-Tapa ibilaldien barruan kokatu du. “Gaur, zerbait berezia egingo dugu, eta ibilaldia trizikloz egiteko aukera ere izango da”.
Nagusilanen ekimenez
Tipi-Tapa ibilaldietan Nagusilan elkarteko boluntarioek parte hartzen dute, eta Asun Ugarte da horietako bat. Ugartek azaldu duenez, triziklo ibilaldi hauek Nagusilan elkartearen bidez iritsi dira Legazpira, Donostian eta Hondarribian adineko jendearekin egiten zirela jakin eta gero. “Legazpin ekimen hori ezagutzera emateko Tipi-Tapa egokia izan zitekeela iruditu zitzaigun, eta iritsi da eguna, eguraldia ere lagun dugula”.
Santikutz egoitzatik 16 pertsona ibiliko direla zehaztu du Ugartek, batzuk gurpildun aulkian daudenak, eta Eguneko Zentroko 11 erabiltzailek eta Garaguneko kideek ere izango dute aukera. “Gaur da lehenengo aldia, ea nola ateratzen den, eta ondo badoa, ikusiko dugu aurrera begira zer egin daitekeen”.
Komunitatearekin berriz ere konektatzea
Triziklo paseo horien helburua Bizikletaz Adinik Ez elkarteko ordezkaria den Marilo Miguezek azaldu du. Elkartea 2016an abiatu zela gogoratu du, “belaunaldi desberdinak elkartzeko helburuarekin, eta, besteak beste, egoitzetan bizi direnak komunitatearekin berriz ere konektatzeko asmoarekin”. Helburu horiek hasieratik “marko jasangarri batekin eta ikuspegi humanitarioarekin eta berdintasunezkoarekin” bete nahi izan direla zehaztu du, eta horregatik aukeratu dituzte trizikloak, jendea eramateko egokitutakoak.
Triziklo horiek herriz herri dabiltza Gipuzkoan zehar, “mugimendu hau ezagutzera emateko, eta herri horietan zabaltzen joan eta behin betirako geratu dadin”. Gaurko Tipi-tapa, hain zuzen, horretarako baliatu dute, “legazpiarren aurrean aurkezteko eta eskaintzen dituen onurak jendeari erakusteko”. Paseoak “”poliki-poliki” egiten dira, 5 kilometro orduko abiadurarekin gutxi gorabehera, helburua ez delako azkar joatea, “baizik eta komunitatearekin eta jendearekin konektatzea; horregatik, bidean geratu egiten gara, aspaldian ikusi ez dituzten lekuetara eramaten ditugu…”. Paseoan joaten den jendearen esperientzia “oso positiboa” izaten dela nabarmendu du Miguezek, baita boluntarioena ere.