Aztiriko sariketan osatuko da bihar Osinalderako bertsolari seikoa
Azken sailkatze saioa Aztiri Bat elkartean jokatuko da. Goierriko Bertsozale elkarteak gaur hasiko ditu hileroko saioak, Ordizian. Ataunen eta Lazkaon bertso afariak dituzte.
Aztiriko bertsolari gazteen sariketarekin borobilduko dute, bihar, Osinalderen aurretiko kanporaketa fasea. Ordiziako Argi-Berriren eta Zaldibiako Osinberderen ondotik, hirugarren eta azken sailkatze saioa bihar gauean jokatuko da, Aztiria auzoko (Gabiria) Aztiri-Bat elkartean. Afaria 20:30ean hasiko da, eta ondoren da bertso saioa.
Sei bertsolari ariko dira: Irati Alcantarilla (Urruña), Unai Mendiburu (Algorta), Aroa Arrizubieta (Gasteiz), Aitor Ugarte (Aramaio), Lurdes Ondaro (Munitibar) eta Aner Peritz (Zarautz). Epaileen puntuazio oneneko lehen biak igaroko dira Osinaldeko saiora, apirilaren 15ean.
Pandemia garaian Legazpiko Latxartegi aretoan bi urtean egin ondoren, jatorrizko elkartera itzuliko da Aztiriko Saria. Afaltiarrek bete egingo dute soziedadea, 60 lagunekin. Saioa Eresti Oiarbidek aurkeztuko du, eta epaile Joxe Arizkorreta, Asier Iriondo eta Nekane Gonzalez.
‘Kantatzen hastera goaz’
Asteburuan Goierrin bertso-eskaintza zabala izango da. Goierriko Bertso Eskolak (GoiBE) gaur ekingo dio Kantatzen hastera goaz saio-dinamikari. Hilero, goierritarrek kantatuko dute.
Estreinakoa Ordizian Kirkil tabernan da (20:00). June Aiestaran eta German Urteaga beasaindarrek, Hodei Munduate zaldibiarrak eta Aratz Igartzabal gabiriarrak kantatuko dute. Ane Etxezarreta da gai jartzaile.
Lazkaon eta Ataunen bertso afari bana daude, gaur: Maialen Akizu eta Joanes Illarregi Gerrikon, eta Iban Urdangarin eta Iker Zubeldia Oargin.