Errenta aitorpena euskaraz egiten dute geroz eta goierritar gehiagok
Goierri beheko hiru herri nagusienetan behintzat nabarmen handitu da kopurua azken hamabi urteetan. Goierritar guztiei errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin diete.
Gipuzkoako Ogasunak apirilaren 3an zabalduko du 2022. urteko errenta aitorpena aurkezteko epea. Autolikidazio proposamenak aurkezteko epea izango da irekitzen lehena; astelehenetik hasita ekainaren 30era arte zabalik egongo da. Errenta mekanizaturako hitzordua eskatzeko epea apirilaren 13an hasi eta ekainaren 8an amaituko da. Eta Internetez, Zergabidea atariaren bitartez egin nahi dutenek apirilaren 12tik ekainaren 30era arteko epea izango dute horretarako. Azkenik, bulegoan bertan aurkeztu nahi dutenentzat, apirilaren 17an irekiko da txanda.
Leire Artola Beasaingo alkateak, Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak eta Maitane Alvarez Ordiziako Udaleko alkateordeak Beasaingo udaletxean egindako prentsa agerraldian eman dituzte egun errenta aitorpena egiteko bideak eta xehetasunak.
Agerraldia baliatu dute ere goierritar guztiei errenta aitorpena euskaraz egin dezaten dei egiteko.
Ogasunarekin euskaraz
Errenta aitorpena euskaraz, ogasunarekin euskaraz! kanpaina martxan da, hamahirugarrenez. Ari da fruituak ematen: Aurkeztutako datuen arabera, azken 12 urteetan –2009tik 2021era–, Beasainen, Lazkaon eta Ordizian euskaraz egin diren errenta aitorpenen ehunekoa handituz joan da: Beasainen %8,37tik %21,60ra, Lazkaon %15,52tik %31,27ra eta Ordizian %8,29tik %23,80ra igo da.