Iparra-Hegoa kultur astea azken txanpan sartuko da
Astelehenaz geroztik ari dira Seguran Iparra-Hegoa kultur astearen 26. edizioa ospatzen. Makina bat ekintza izan dituzte aste guztian zehar eta orain, asteburuari begira jai giroko proposamenen txanda izango da.
Inmigrazioaren gaia izan da aurtengo kultur astearen oinarria. Astelehenean eta asteartean bi hitzaldi egin zituzten gaian sakontzeko. Astelehenean Harrera Sareko Alaine Aranburu eta Alain Agirre abokatuak Afrikatik etorritako herritarrak Europa iparraldera pasatzeko izaten dituzten zailtasunak izan zituzten mintzagai. Asteartean, berriz, etorkinen identitate-krisiaz eta beste hainbat kontuz aritu ziren Aner Urizar Huheziko irakaslea eta Anaitze Agirre SOS Arrazakeriako kidea.
Iparra-Hegoaren helburu nagusietako bat Iparraldeko eta Segurako haurren arteko elkar ezagutza bultzatzea ere badenez, astelehenetik asteartera Urruñako ikastolako haurrak izan ziren Seguran eta atzotik, Baionako Etxepare institutuko gazteak daude Seguran.
Asteazkenean, saharar eta marokoar sukaldaritza segurarrei gerturatzeko sukaldaritza saioa izan zen Elorri elkartean, Sidi Mohamed Azaoui eta Garazi Hach Embarek eta Rquia eta Samira Aksasen eskutik.
Atzoko ekitaldien artean bertso eta kantu poteoa nabarmendu behar da. Amets eta Maddalen Arzallus eta Iker Zubeldia aritu ziren bertsotan.
Asteburuari begirako ekitaldiak:
Gaur:
- 17:00. Haur jolasak.
- 19:00. Libertimentua ikuskizuna.
- 19:30. Arkumea burruntzian eta sagardo dastaketa. Kale animazioa Kuxkuxturekin. Iluntzean, Xutik eta Dj. Bull.
Bihar:
- 9:00. Mendi ibilaldia.
- Goizean zehar. Pilota partidak eta desafio musikatua.
- 14:30. Gazte bazkaria eta jolasak.
- 18:00. Manifestazioa.
- 19:00. Taloak eta Euskal Herriko garagardo dastaketa.
- Gauean. Kontrabanda eta Odei.
Igandean:
- 10:00. Sukalki prestaketa.
- 13:00. Euskal Herriko herrialdeen arteko lotura sinbolizatzen duen Gereziondoko ekitaldia.
- 14:30. Herri bazkaria.
- 16:00. Sukaldaritza lehiaketako sari banaketa.
- 16:30. Berbena Balantza taldearekin.