Erramu igandean prozesioa egin dute Legazpin
Erramu igandean Aste Santuko prozesioa egin dute Legazpin, Egiazko Gurutzearen Kofradiak antolatuta.
Aste Santua bertan da eta Erramu igandean, hau da, gaur, Aste Santuko prozesioa egin dute Legazpin, Egiazko Gurutzearen kofradiak antolatuta beste urte batez. Prozesioa 19:00etan abiatu da, parrokiatik Nafarroa kalean behera. Bertatik, Santikutz kalean buelta emateraino joan da eta Kale Nagusitik itzuli da elizara.
Erromatarrez jantzitako bi parte-hartzailek irekitzen zuten prozesioa, zaldi gainean eta atzetik haurrak eta figura desberdinak zihoazen. Prozesioan zortzi figura atera dituzte gaurkoan. Lehenengo figura 1979tik atera gabe zegoen Ortuko otoitza izan da. Bigarrena, 1940ko Jesusen Zigorraldia. Atzetik, Nazareteko Jesusen figura zihoan eta jarraian, San Migelgo Kristo Gurutziltzatua. Bosgarrena 1940ko Magdalena Andre Mariaren figura izan da, atzetik Pietatea, XIX. mendeko Hilobi Santua eta mende bereko Doloretako Amabirjina zituelarik.














