Iparra-Hegoako ekitaldi nagusia egin dute gaur eguerdian Seguran
Iparra-Hegoako ekitaldi nagusia egin dute gaur eguerdian Seguran. Musika izan da nagusi ekitaldian zehar eta elkarte desberdinek hartu dute parte bertan. Guztiek «mugak deusezteatzeari» eman diete garrantzia haien hitz hartzeetan.
Iparra-Hegoako 26.edizioak ere eman du berea eta gaur emango diete amaiera jaiari. Egitarau honen barruan ekitaldi nagusia prestatu dute, gaur eguerdirako. Eguerdiko 13:00ean batu dira ipar eta hego ekitaldi nagusirako eta musikarekin eman diete hasiera, Kuxkuxtu Txarangarekin, hain zuzen ere. Ondoren, aurkezleak hartu du hitza, hondoan txalaparta hotsarekin, aurtengo Iparra-Hegoaren norabidea eta ideia azalduz. Horretarako Lierni Elortzaren poema bat irakurri du, aurtengo gaia migrazioak eragindako heriotzak izanik, ekitaldiaren ardatza ezarri du irakurketa honekin.
Jarraian, Beasaingo zanpantzarrek girotu dute ekitaldia eta ondoren, harrera sareen txanda izan da. Lehenik eta behin, Bidasoaz bestaldeko harrera sareak hartu du hitza. Haien lanaren nondik norakoak kontatu dituzte, helburu gisa «etorkinak Baionaraino iristea» dutela argi utziz, bertan, «laguntza eskaintzeko eta teilatupe bat izateko». Gainera, aipatu dute asko eta asko adin txikikoak izan ohi direla, eta hauen egoera konplexuagoa dela egin beharreko tramiteen aldetik. Hau hala izanik, mugak deuseztea «ezinbestekotzat» jarri dute. Hizlari hauetako bat duela gutxi atxilotua izan zen etorkinei laguntza eskaintzen ari zelako eta haien lanaren «kriminalizazioaz» jardun dute. Behin Bidasoaren alde bateko bizipenak entzunda ibaiaren beste aldera egin dute jauzi, Irungo Harrera Sareari emanez hitza. Hauek ere haien lanaren berri eman dute eta hegoaldeari dagozkien bizipenak kontatu dituzte. Haien hitz hartzea amaitzeko «mapan marraztu dizkiguten marrak ezabatzea» aipatu dute.
Harrera sareen ondoren albokariak izan dira ekitaldia girotzen eta jarraian, Filip Aramendik eta Segurako alkate den Izarra Urdalleta aritu dira hizketan. Urdalletak gogoeta bat partekatu nahi izan du, izan ere, migratzaileen gaia landu dute aste osoan zehar hitzaldi desberdinekin eta bizipen anitzak entzunez eta «zer pentsatua» eman diola. Gogoeta honetan «harrera herri izaera» zalantzan jarri du, egiten den lana «ez dela nahikoa» konturatu dela aipatuz eta zin eginez instituzioetatik «ahal duten guztia egingo dutela» hau aldatu eta «benetan» Segura eta Euskal Herria harrera herria izan dadin.
Ekitaldiari amaiera emateko Juli Etxarri leitzarrak irrintzia bota du eta topa egin dute guztiek, «mugak ezabatzearen alde». Kuxkuxtu Txarangaren doinuek lagunduta.














