Antzizar kiroldegiak webgune berritua du
Diseinua gaurkotu dute, argazkiei garrantzia emanez, baina batez ere, funtzionala eta erabiltzeko erraza da. Berrikuntza da ere, kirol jarduera guztien agenda eta albisteak aurki daitezkeela.
Beasaingo Antzizar kiroldegiaren webgunea (www.antzizar.eus) berritu dute eta egindako aldaketen berri emateko elkartu dira Leire Artola alkatea, Edurne Rubio webgunea garatu duen ACV multimediako ordezkaria eta Kiroldegiko koordinatzaile eta kirol teknikaria Peru Elosegi. Guztiak bat etorri dira, “plataforma berriarekin erabiltzailearen esperientzia hobetu nahi da”.
Webgunean sartu eta aldaketa nabarmena da. “Diseinu guztiz berritu dugu, modernoagoa da, atal berriak ditu, interaktiboagoa eta eraginkorragoa izango da”, nabarmendu du webgune berriaren egileak.
Zerbitzuen informazioaren atalak indartu eta berritzeaz gain, irudiaren garrantzia web berrian nabarmendu nahi izan da. “Argazki guztiak egungo instalakuntzetakoak dira, gertutasuna bilatu nahian”, azaldu du ACV multimediako ordezkariak.
Tramite garrantzitsuenak webgunearen bidez egiteko aukera mantentzeaz gain berrikuntzen artean albisteen atala eta kiroldegiko agenda aurkitzen dira.