Ixabel Olano parkea «irisgarriagoa eta berdeagoa» izango da
Eraberritze lanak Iturrioz eraikuntzak enpresak burutu ditu eta 800.387,30 euroko kostua izan dute .Urrian hasi eta «bi aste barru, bukatuta eta erabilgarri» izango da eremu berritua,
Beasaingo Ixabel Olano parkearen eraberritze lanak bukatzear daude, eta azken ukituen faltan, Leire Artola alkatea eta Adur Ugartemendia zinegotzia, obren egoera bertatik bertara ikusten egon ziren ostiralean, Itziar Rodriguez eta Javier Regalado proiektua egin duten arkitektoekin. Urrian hasi zituzten lanak, eta iragarri zutenez, «bi aste barru, lanak bukatuta eta eremua erabilgarri» izango da. Ur-azpiegitura, argiteria, zoladura eta haur-jolas guneko lanak berritu dituzte. Lorezaintza lanak eta azken akaberak falta dira parkeak aurrerantzean izango duen itxura izateko. Ixabel Olano parkearen eraberritze lanak, Iturrioz eraikuntzak enpresak burutu ditu, eta 800.387,30 euroko kostua izan dute.
Herritarren eskaerak
Laurogeigarren hamarkadan eraiki zen gune bat da honakoa eta denboraren poderioz eta erabilerarengatik bertako berdegune eta batez ere zoladuraren gabeziak agerian geratu ziren, besteak beste. Leire Artola alkateak puntu honetara iristeko egindako bidearen errepasoa eginez azaldu zuen, «herritarren beharrei egokitutako udalerri irisgarri, eroso eta atsegina eraikiz etorkizuneko Beasain marrazten jarraitzeko, udal gobernuak Ixabel Olano parkea eraberritzeko lehen pausoak eman zituen 2021an aurrekontuetan partida txertatuz».
«2021ko irailean, Udalak galdetegi bat zabaldu zuen herritarren ekarpenak jasoz Ixabel Olano parke berriak eduki behar zituen ezaugarri nagusiak zehazteko». Ekarpen horien artean, «gehien errepikatu zirenak, irisgarritasunaren hobekuntza, jolas gunearen birgaitzea eta berdeguneak handitzea izan ziren» nabarmendu du alkateak. «Argiztapena hobetzea eta eserleku gehiago ipintzea» izan ziren herritarrek egindako beste eskera batzuk.
Hori guztia kontutan hartuta, parkearen irisgarritasunari «garrantzia handia» eman zaio. Proiektuaren egilea den Itziar Rodriguez arkitekto beasaindarrak, «proiektua garatzeko aukera emateagatik Udalari eskerrak» eman ondoren, egin diren aldaketen inguruko xehetasunak eman zituen.
Karobi kaletik eta Florencio zeuden sarrerak ez ziren irisgarriak, eta arrapala apalak egin dira alderdi guztietatik. Adibidez, Seaska Haur eskolaren erabiltzaileen eskariari erantzunez, bertara iristeko arrapala apala egin da. Zoladura zaharraren egoera kaxkarra kontutan izanik, bere osotasunean ordezkatu da, hormigoi inprimatuzko akabera berriarekin.
Esku-hartzearen beste ezaugarri nagusietako bat da, berdeguneen azalera handitu dutela. Horretarako, sakabanatuta zeuden belardiak bateratu dira eta baldintza txarretan zeuden zuhaitzak bertako espezieengatik ordezkatu dira.
Belardien perimetroan, egurrezko eserlekua egin dute, galdetegian jasotako eserlekuen kopurua handitzeko eskakizunari erantzunez.
Jolas gunea guztiz berritu da
Jolas gunea ere guztiz berritu dute. Sokadun piramidea, kautxozko jolas topografikoak eta hauei lotutako txirrista eta tunelak txertatu dira. Jolas gunearen alboan dagoen pergola ere birgaitu dute; estalkia eraberritu da eta plataforma irisgarria eraiki da.