Olaberrian etxebizitza "gutxi eta garesti" dagoela iritzi diote herritarrek azterketa soziologikoan
Olaberriko etxebizitzari buruzko azterketa egin du Aztiker etxeak, inkesta, galdetegi eta elkarrizketetan oinarrituta. %75ek herrian bertan jarraitu nahi luke bizi izaten. Ondorioak plazaratu eta aurkeztu dituzte
Olaberriko Udalak aginduta, EH Bilduren udal taldeak bultzatuta eta Aztiker etxeak egin duen etxebizitzari buruzko azterketa soziologikoaren emaitzak lehengo astean aurkeztu zituzten, Olaberrian. Abendu-urtarriletan 103 inkesta, lau elkarrizketa eta sei kaleko galdeketa egin zituzten, Olaberria goian eta Ihurren.
Emaitzei dagokienez, oro har etxebizitza gutxi eta garestiak daudela ondorioztatu dute herritarrek azterketan, bereziki Olaberria Goikoan. Gazte falta, herriko «bizitasun falta, bereziki gazteen artean» eta zerbitzu nahiz komertzio falta ere bai. Galdekatutakoen %73,5ek Olaberrian bizitzen jarraitu nahi du, eta soilik %1ek alde egin nahi du.
Gaur egun, etxebizitza bakoitzean batez beste 2,3 lagun bizi dira. %87,4k etxea beren jabetzakoa dute. Alokairua, batez ere Ihurren dago. 18-34 urte bitarteko gazte gehienak gurasoekin bizi dira; emantzipatu gehienak, bakarrik edo bikotekidearekin. 65etik gorako adinekoen ia laurdena bakarrik bizi da.
Etxebizitza hutsen tasa Ihurren %15,5ekoa da, eta Olaberria Goikoan %13,2koa.
Etxebizitzaren beharra
Azterketan jaso dutenez, olaberritarren %12,1ek etxez aldatzeko «beharra» dauka. Herri osora estrapolatuta, 48 etxebizitza beharko lirateke, asetzeko. Emantzipatu nahi izatea (gazteen kasuan), igogailu falta, etxebizitza zaharra izatea edo etxebizitza jabetzan eduki nahi izatea dira aldatu nahiaren arrazoiak.
Bizilekua Olaberria Goikoan nahiko lukete gehienek, baina ez Ihurren. %50 Olaberritik kanpora joateko prest agertu da.
Ihurre auzoan, adinekoen behar nagusiak etxearen irisgarritasuna lortzea (igogailua) eta etxea barrutik mugikortasun murriztua duten pertsonentzat egokitzea dira.
Gazteen artean, emantzipatzeko oztopo nagusiak etxeen prezio altua, etxebizitza falta eta alokairuko etxebizitzen «tamaina handiegia» dira.
Beste joera bat era azaleratu du azterketak: gaztetan Olaberritik joan zirenek, 35 urteren bueltan herrira itzultzeko nahia izatea «ohikoa» da. «Bizitzako fase horretako beharrak ondo asetzen ditu herriak. Gaitasun ekonomiko handiagoa izanda, aukera gehixeago egoten dira».