Pandemia garaiko herri narratiba prozesua jarri du martxan udalak
Herritarrek pandemia garaian bizitakoak izan dira oinarri. 8 talde osatu dituzte eta 70 bat lagunek parte hartu dute. Antzerako egoera baten aurrean, "beharrezko erremintak izateko" balioko lukeela adierazi du Adur Ezenarro alkateak.
Ordiziako Udalak pandemia garaiko herri narratiba osatzeko prozesua jarri du martxan. Zenbait herritarrekin elkartu eta haien testigantzak jaso dituzte otsaila eta martxoan, pandemian bizi izandakoa ezagutzeko, eta orain jasotakoa aztertuko dute eta erredakzio fasearekin hasiko dira.
Adur Ezenarro Ordiziako alkateak azaldu duen bezala, antzerako egoera bat gertatuz gero, “beharrezko erremintak izateko” balioko luke prozesuak. “Covid19-ak gogor kolpatu gintuen eta pandemiaren ondorioak aztertzeko konpromisoa hartu genuen Ordiziako Udalean. Bai pandemia beraren, eta honen kudeaketaren inguruko diagnostikoa egiteko. Azken batean, inork espero ez zituen egoerak bizi izan genituen, eta garrantzitsua da horrek eratorritako ondorioak aztertzea, azken finean, pertsonak garelako”.
Herritarren bizipenak eta ikuspegiak jaso dituzte gogoeta saioetan. Farapi Kooperatibarekin elkarlanean, “herritarren profil eta esperientzia aniztasuna” bilatu dute. 8 talde osatu dira eta 70 bat lagunek parte hartu dute saioetan. Tartean, haur eta nerabeen gurasoen, merkatari eta ostalarien, udal gobernu eta udal zerbitzuetako langileen, boluntario sareko kideen, covid19-aren ondorioz larriki gaixotutakoen edo senideren bat galdu dutenen, zaintza eta osasun langileen edota egoera zaurgarrian dauden herritarren testigantzak jaso dituzte.
Bizipen horiek jasota, analisia egingo dute. Behin betiko emaitzak uda aurretik prest izatea aurreikusi dute.