«Ataun Irratia eraldatu nahi dugu aurten, aldaketa ugari eginda»
Hamar urte bete ditu Ataun Irratiak. Oraindik oso gaztea den Ioar Aizpuruak (San Martin, Ataun, 2001) sortu zuen, 11 urterekin. Aurki FM uhin bidez emitituko dutela aurreratu du, Ataun osorako.
Ataun Irratia hain gazterik sortzeko zein izan zen pizgarria?
2013ko martxoaren 15ean hasi ginen. Apiril hartan bete nituen 12 urte. Irratia beti gustatu izan zait. Etxean ez genuen asko entzuteko ohiturarik, egia esan. Autoan bai. Baina gehiena eskolatik etorri zait zaletasuna, Otsoa irratitik. Astero, txandaka mailaka egin ohi genuen. Ilusio berezia pizten zidan, eta zaletasuna hortik etorri zaidala uste dut.
Baina gustatzetik irrati bat antolatzera badago aldea.
Eskolan egiten genuenaz gain, gehiago nahi nuen. Nire ideiak, ezinegonak eta abarrak lasai burutu ahal izateko tresna gisa sortu nuen. DJ mahai txiki bat baneukan lehenagotik, gurasoek erosia, mikrofono bat ere bai, eta ordenagailu eramangarri batekin, besterik gabe hasi nintzen.
Zer bilakaera izan zuen gero?
Lehenengo urtea podcast formatuan edo grabatutako edukien plataforma bezala izan zen, ez emisioena: saio motzak eta albistegiak grabatu, beste komunikabideak entzunez edo irakurri, irrati-formula estiloko grabazioak… Bigarren urtean hasi nintzen, asteburu goizetan, bizpahiru orduko zuzeneko emisioak egiten. Eta hirugarrenetik aurrera, 24 orduko emisiora salto egin nuen. Buruhauste asko eman zizkidan, baina informatikan ondo moldatu izan naizenez, Interneten begiratuz antolatu nuen emisioa.
Internet bidez hasi zinen, eta hala jarraitzen du. Uhinetara igarotzeko asmorik bai?
Bai. Laster FM frekuentzian emititzeko aukera edukiko dugula espero dugu, herrian bertan. Azken lanetan gaude: jaurlaritzaren baimena badago, eta orain Madrilen erantzunaren zain gaude, hilabeteotan. Baiezkoa esaten badute, jada prest gaude irrati-uhin bidez ere hasteko.
Teknikoki prest zaudete FMn emititzeko?
Bai. Udalarekin ari gara hori dena gestionatzen, udalak egin baitu teknologikoki behar den guztia. Prest dago aurrera eramateko. Antenazale batekin eta halako instalazioen teknikari batekin harremanetan jarrita gaude; baimena jaso orduko, teknikoki ere prest egongo gara. Asmoa da Ataun guztira iristea, hiru auzoetara, nahiz eta orografikoki herri zaila den.
«FMn emititzeak programazioari beste buelta bat ematea ere eskatuko du»
«Guretzat garrantzitsua izango da beste elkarteekin ere elkarlanean ibiltzea, eta eurekin beste proiektuak garatzea»
Aurrerakuntza handia izango da hori?
Bai, egia esan. Interneten bakarrik aritzeak asko mugatzen gaitu. Gero publiko zabalagoa edukiko dugu. Irratiari beste buelta bat ere eman nahi diogu, eta edukiak birmoldatzea da asmoa. Orain egiten dugunetik programazioari beste buelta bat ematea eskatuko du.
Zer eskatuko du horrek? Zuk beste lanpostu bat baituzu.
Beste lanketa bat eskatuko du, herritarren beste parte-hartze bat ere bai. Jendea prest egongo dela uste dut. Ideia batzuk baditugu buruan, zer egin ahalko den. Herritarren elkarlana jasotzea garrantzitsua izango da. Hasieran kostatuko da, baina eman ahalko diogu buelta.
Proiektu kolektibo modura ulertzen duzu irratia?
Betidanik mikrofonoak edozein herritarrentzat irekita daude. Elkarteek ere irekita dauzkate, eta askorekin jarri gara harremanetan saio edo elkarrizketa bat egiteko. Guretzat garrantzitsua izango da beste elkarteekin ere elkarlanean ibiltzea, eta eurekin beste proiektuak garatzea.
Zenbat kolaboratzaile zarete?
Ane Murua kolaboratzaile; Leire Perlinesek esatari modura saio bat aurkeztn du; Julen Iraolak ahotsak jartzen ditu edukietan; Joxe Begiristainek literatura kontuekin kolaboratzen du; Gorka Santestebanek ostiralero bere saioa aurkezten segitzen du, eta nire saioan ere kolaboratzaile dabil. Eneritz Mujika dietista sartu da aurten Gorkaren saioan. Joseba Ortigosak kirol kontuak ekartzen dizkigu nire saiora. Taldetxo bat bagara.
Dena altruistaki egiten duzue?
Gure gustuz egiten dugun zerbait da. Gustatzen zaigulako, azkenean. Baita ere, irratiak ematen digu egunerokotasuna eteteko aukera, gure kezkak kontatzeko eta lagun artean ondo pasatzeko. Nik berez Naiz Irratian lan egiten dut.
Beraz, irratiko lanetik deskonektatzeko, beste irrati bat duzu. Asko gustatzea zer den.
Bai [barreak]. Astean zehar Naiz Irratian lanean, eta asteburuetan Ataun Irratian, baina ez daukate zerikusirik. Hemen, beste giro eta aire batean gabiltza, ezberdina da.
11 urterekin lortu nahi zenuena hau da, ala ametsa garatzeko bidean zoaz oraindik?
Nik inolaz ere ez nuen espero gaurko lekura iristea, halako giro batean aritzea, Internetez 24 orduko emisio bat mantentzea eta hainbat eduki eskaintzea. Eduki gehienak Arrosa irrati saretik jasotzen ditu. Gure eduki propioetarako, astean zehar hemen gutxi egoten gara, eta ez daukagu denborarik.
Eta aurrera begira, zer?
Asmoa da ekoizpen propio gehiago lantzea. FM emisioa ere geroz eta gertuago ikusten dudanez, oso pozik gaude. Pertsonalki, irratia beti gustatu izan zait, eta irratiko lanetik bizitzea izan da nire asmoa, eta momentu honetan posible da, eta plazer hutsa. Ea horrela segitzen duen.
Hamargarren urtean, ezer bereizirik antolatuko duzue?
Logoa aldatu dugu, eta hamar urte bete genituen egunean aurkeztu genuen. Nik 11 urterekin egindako diseinuarekin genbiltzan, eta diseinatzaile batek egin du berria. Asmoa irratian eraldaketa bat egitea da, baina ikasturte osoan aldaketa ugari eginda. Ospatzeko ekitaldi publiko bat egiteko asmoa ere badugu, baina ez dugu ezer zehaztu.
Aldaketak sumatuko zenituen sorreratik hona. Zertan?
Jendeak irratia on-line entzutea lortzea ez da erraza, edozein adinetan ere. Ez dugu batere ohiturarik horretarako, eta moldatu behar izan dugu. Gure eduki guztiak webgunean jartzen ditugu berriro eskuragarri, noski. Sare sozialetan kolaborazio zati txikiak publikatzen ditugu, jendea webgunera erakartzeko. Jendea webgunera nola bideratu da zaila, eduki hori entzuteko.
Jendeak zer edukiri ematen dio balio gehien?
Askotan herriko kontuak izaten dira. Herrian egindako elkarrizketak interesatzen zaizkie herritarrei, gehien bat; bertako gauzak kontatzea, elkarteetako antolatzaileak elkarrizketatzea…