Beasaingo arteria, «irisgarriagoa, seguruagoa eta atseginagoa»
San Inazio eta Esteban Lasa kaleak berritzeko proiektuaren mamia aurreratu du Udal Gobernuak .6.110 metro karratuko eremuari eragingo dio eraberritzeak.
Beasaingo erdigunean, San Inazio eta Esteban Lasa kaleak eraberritzeko proiektua aurreratu du Beasaingo Udalak, aste honen hasieran. Aurreratu dutenez, San Inazio kalea eta Esteban Lasa kalearen 1 eta 11 zenbakiak hartuko ditu proiektuak; baita hauekin bidegurutze bat osatzen duten Andramari, Martina Maiz eta Igartetxe kaleen zati bat ere; guztira 6.110 metro karratu inguru. Proiektua uda aurretik amaitzea espero dute. Gaur egungo udal gobernuarentzat kale hauen «garrantzia handia» dela kontutan izanik, «beharrezkoa» deritzo eraberritzea eta inbertsio «estrategikoa» dela ez dute zalantzarik.
Udal gobernuak zabaldu duen informazioaren arabera, proiektua bi fasetan banatuko litzateke: batetik, San Inazio-Andramari bidegurutzea; eta bestetik, Esteban Lasa-Martina Maiz-Igartetxe guneak hartzen dituena.
Hiru helburu
Azalera hori guztian esku hartzeko erabakiak, «hiru helburu» nagusi bete nahi ditu: «irisgarritasuna eta oinezkoen segurtasuna bermatzea, eta kaleak atseginagoak bilakatzea.
Beasaingo herrigunean dagoen merkataritza eta zerbitzu ezberdinek leku hartzen dute gune honetan, herritarren joan etorria ugaria delarik bertan. Hain zuen ere, bertara oinez hurbiltzen direnen erosotasunari lehentasuna eman nahi zaie, irisgarritasuna hobetuz.
Espaloiak ere zabalagoak izango ditu kaleak. Oinezkoentzat erosoagoak izateaz gain, landareak jartzeko aukera ere ikusten du Udalak, baita hiri altzarietan hobekuntzak egitea ere; eserlekuak jarriko dira kalean zehar, txirringentzako aparkalekuekin batera eta argiteria ere hobetuko da.
Proposatu duten beste aldaketa bat da, autobus geltokia mugitzea, markesina eta eserlekuak hobetuz.
Oinezkoen lehentasunarekin jarraituz, segurtasuna areagotzeko, bidegurutzeetan ikuspen hobea edukitzea landuko da proiektuan. Bi ikastetxeren gertutasunak asko baldintzatu du puntu honetan.
Azaleran egitea aurreikusten dutenaz aparte, lur azpian dagoen hoditeriaren berritzea nola egingo den ere landuko du Udalak; komunikazioa, gasa, elektrizitatea, ura, eta saneamendua, besteak beste.
Erdiguneko arteria
San Inazio eta Esteban Lasa kaleek erdiguneko arteria nagusietako bat osatzen dute. Denda, saltoki, ikastetxe eta zerbitzu ugari biltzen dituen ardatza da eta pertsonen topaleku eta joan-etorrirako eremu. San Inazio kalearen garapenak 60. hamarkadan eman zituen lehen pausoak eta Esteban Lasa hamarkada batzuk geroago gehitu zitzaion.
Garai hartako hirigintza irizpideekiko aurrerapauso nabariak eman dira azken hamarkadetan, baina ardatz honek, azaleko konponketak soilik jaso dituenez, agerian gelditu dira urteen poderioz, hainbat gabezia.
Gauzak horrela, «ardatz hau egungo behar eta baldintzetara egokitzeko erabakia hartu zuen udal gobernuak, oinezkoei egokitutako espazioak lehenesteko eta bertako merkataritza eta saltokiak indartzeko konpromisoarekin jarraituz, udalerriko beste hainbat kaleetan egin den bezala».
Hori oinarrian, udal gobernuak San Inazio–Esteban Lasa ardatza eraberritzeko partida bat txertatu zuen 2023ko aurrekontuetan. Proiektuaren oinarria lantzeko, bi kaleetako bizilagun, merkatari eta ikastetxeko ordezkariekin lau tailer egin dira azken lau hilabeteetan proposamenaren ezaugarri nagusiak aurkeztu, aztertu eta adosteko.