Hirurehun herritarrek hartuko dute parte Aste Santuko prozesioetan
Ostegun eta Ostiral Santu egunetan egingo dituzte. XVII. mendetik datorren ohitura da.
Seguran dena prest dute Aste Santuko ospakizunetarako. Bihar eta etzi, Ostegun eta Ostiral Santu egunetan, ohiko prozesioak ikusteko aukera izango da. XVII. mendetik datorren ohitura da eta adin ezberdinetako hirurehun herritarrek hartuko dute parte bertan.
Bihar, 17:00etan Azken Afariko meza egingo dute parrokian eta segidan, 18:15 inguruan, aterako dira herritarrak prozesioan. Ostiral Santu egunean, 8:00etan hasiko dute eguna, Santa Engrazi ermitatik Sorkundetar komentura Gurutze Bidea egiteko. 16:30ean Jaunaren Nekaldiaren ospakizuna egingo dute parrokian eta 18:15ean aterako da bigarren prozesioa.
Meza Santua igandean
Aingerutxoek, nazarenoek, penitenteek, soldadu erromatarrek, txistulariek eta musika bandak, herriko koruak, eliz gizonek eta fededunek hartuko dute parte prozesioetan. Igandean, parrokian egingo duten Pazko eguneko mezarekin
—12:00etan— emango diote amaiera Aste Santuari.