Iritsi dira azkenik udaberriko zizak
Eguraldiaren eraginez, ohi baino beranduago hasi dira aurten. Aire libreko ilarrak ere aurkeztu dituzte. Datorren asteazkenekoa Artzain Eguneko feria berezia izango da.

Nafarroako basoetatik gehienak, gertuagoko zelaietatik gutxi batzuk… iritsi dira azkenik udaberriko zizak Ordiziako feriara. Mikel Lasak zortzi-bat kilo jarri ditu salgai gaur goizean, eta Altzagako Arantxa Lopetegik kilo erdi bat. Aurten ohi baino beranduago iritsi da perretxiko preziatu hori, eta ikusmina eragin du, Lasaren postuaren inguruan batez ere. Kiloak 100 euro egin du, eta erosleak izan direla esan behar da. Izan ere, denbora askoan izan dira zain aurten.
Baina zizak ez dira gaurko feriako berritasun bakarrak izan, eta goiz hotzak utzi ditu beste albiste batzuk. Hala, aire libreko ilarrak aipatu behar dira. Maravilla eta Alberto Printzea motatakoak dira, «dauden finenak,» saltzaileek esan dutenez. eta Edurne Jauregik, Juanita Murgiondok, Miren Jauregik eta Mikel Lasak berak izan dituzte salgai, kiloa 14 eta 20 euro artean. Lasak zituen garestienak, ‘malko ilarrak’ izenpean, eta beste postuetakoak baina ale txikiagokoak ziren. Guztiek estimazio handia izan dute erosleen aldetik.
Garai honetan estimazioa izaten duen beste produktu bat zainzuria da, eta Zuhaiztiko fruta saltzaileen postuetatik kanpo ere izan da gaur salgai, Plaza Nagusian, Iñaki Intxaustiren postuan. Nafarroako Kaparroso herrikoak ziren, garai batean Ordiziako feriara saltzera joaten ziren Silvia eta Asierren Puenteviejo etxekoak, ekologikoak. Kiloa 7 euroan zuen salgai Intxaustik.
Loreak eta landareak
Gaur goizeko hotzak, eta Goierriko goi aldeko hainbat lekutako izotzak besterik adierazten bazuen ere, udaberri garaiak dira hauek, eta barazki landare eta lore kontuetan oparoak izaten dira ferian. Oraindik goiz dela esaten ari dira landare saltzaileak, baina tomate eta piper eskaintza handitzen doa, eta lehenetatik Jack txertatua eta txertatu gabea dure, baita gerezi motakoa ere. Piperrak, berriz, italiarra, Gernika eta pipermina hasi dira saltzen dagoeneko. Batzuekin hasi, eta beste batzuekin amaitu, aza kontuan amaitu direlako. Orain, aza kiskurra dago bakarrik.
Loreetan, berriz, kalekin batera atzo iris eta frisia sortak zituen salgai Aramako Arantxa Zurutuzak, sorta bakoitza 5 euroan.
Amaitzeko, gogoratu datorren asteazkeneko Artzain Eguneko feria berezia izango dela.