Jon Ander Albisuk beste bi urterako kontratua luzatu du Baikorekin
2025eko apirilera arte jarraituko du, gutxienez, goi mailako pilotan. 2010ean debutatua da, eta 15 urte osatzeko aukera emango dio kontratu berritzeak.
Jon Ander Albisu pilotari ataundarrak esku huskako pilotaren gailurrean jarraituko du, gutxienez beste bi urtean. Baiko enpresak atzo gauean jakinarazi zuenez, bi urte gehiagorako kontratua luzatu dio Albisuri, 2025eko apirilera arte.
Maiatzean 33 urte beteko ditu San Gregorioko atzelariak. 2010eko uztailean egin zuen debuta, Tolosako Beotibarren. Baiko enpresarekin –lehen Asegarce– jokatu du beti, eta kirol ibilbidea 35 urtera arte eta profesional modura 15 urtera arte –gutxienez– luzatzeko bidea ireki du.