Sorgintxulo, herriko gaztetxoekin beste 25 urte egiteko gogoz
Aisialdi taldeak egun osoko festarekin ospatuko du 25. urteurrena hilaren 22an. Taldeko jardueretan parte hartutako haur asko begirale izatera igaro dira gero.
«Elkartu zaitez Akelarrera!» deia eginda, Sorgintxulo aisialdi taldea 25. urteurrena ospatzera doa hilaren 22an. Egun osoko festa prestatu dute eta lepoan zapi horia jantzitako 150 pertsonatik gora elkartuko dituzte bazkarian, Azokan. Umeentzako jolasak plazan, trikipoteoa eta karropoteoa herriko tabernetan zehar eta Banana Shake taldearen eta Tinz Dj-aren emanaldiak Gaztetxean ere izango dira festa eguna borobiltzeko.
Sorgintxulok bost urtero ospatu ditu urteurrenak. Bosgarrena, hamargarrena, hamabosgarrena, hogeigarrena eta aurten, borobila egokitu da, hogeitabosgarrena. Hogeita bost urte betetzen ditu taldeak Legazpiko haurrekin eta gazteekin lanean.
Erkatz aisialdi taldetik
Eneko Uranga taldeko lehendakariak, eta urteurrena antolatzeko osatu duten batzordeko kide Ibon Gurrutxagak eta Itsaso Guridik festari buruz eta Sorgintxuloren hasierari eta jarduerari buruz hitz egiteko elkartu dira.
Hasteko, Sorgintxuloren sorrera eliza inguruan lan egiten zuen Erkatz aisialdi taldean dagoela gogoratu dute. Elizarekin lotura haustea nahi zuten begirale batzuk alde egitea erabaki, eta horrela sortu zuten Sorgintxulo, 1998an; talde hartan zeuden Iker Azpeitia, Jaione Gurrutxaga, Joseba Villarreal… Udalak lokala utzi zien garai bertsuan, Itxaropen auzoan, eta «oraindik han gaude», diote hiru gazteek.
«Herriari aukera desberdina eman nahi zioten, haurrei kanpora irteteko aukera bat, elkar ezagutzeko eta bizikidetza lantzeko, euskaraz beti». Helburu horri jarraituz, udalekuak egin zituzten sortu eta hurrengo urtera, 1999ko udan. Burgosko Canicosa de la Sierran (Espainia) egon ziren, 27 haurrekin. Orduz gero, Sorgintxuloren jarduera izarra bilakatu dira udalekuak.
Baina ez da hori taldearen ekintza bakarra, hasieratik udalarekin sinatuta duen hitzarmenari jarraituz, urtean zehar hainbat eta hainbat egiten dituelako: izotz jauregira patinatzera irteera, joko kooperatiboak, ginkana, asteburu pasa Kimu-Berrin, Morgako egonaldia (Bizkaia), herrietako jaietako jolasak, Uztakale, Gabonetako jolas parkea… «Hilero ekintza bat egiten saiatzen gara», eta ekintza guztiek arrakasta handia izaten dute.
Asko, begirale bihurtuta
Makina bat haur eta begirale pasa dira 25 urte hauetan Sorgintxulotik, ekintzetan parte hartutako haur asko begirale bihurtuta gainera. «Ume zarenean ikusten duzu begiraleek duten kuadrilla eta giroa… eta horrek asko tiratzen du, baita herriari ematen diotena ere. Guk jasotakoa beste batzuei ematea nahi izan dugu begirale bihurtuta». Udalekuetan igarotako 15 egunak «erabakigarriak» direla ere esan dute ahobatez, «han ikusitakoa, han sentitutakoa, hainbeste intentsitatearekin bizitakoa…».
Aurten 60 gaztetxo joango dira, Burgosoko Hortiguelara, 20-bat begirale eta sukaldarirekin. Begiraleen aldetik arazorik ez da izango etorkizunean, lanean jarraitzeko gogo biziz daude.