Ardiak eta gazta, Pazko asteko feria girotzeko
Ordiziako Artzain Egunak irekiko Idiazabal Gaztaren denboraldi berria. Donostiako Rekondo jatetxeko Lourdes Rekondo sukaldariak ebakiko du gazta berria
Iaz normaltasunerako urratsa egin ondoren, aurtengo Artzain Eguna ospatzeko prest dute dena Ordizian. Urteko lehen aparteko azoka da Pazko Asteko asteazkenez egiten dena, eta artzaintzari gorazarre egin eta Idiazabal Gazta berriaren denboraldiaren hasiera emateko baliatzen dute eguna.
Bi dira egun horrek uzten dituen irudi nagusiak. Kalean izaten da bat, eta era berezian bereganatzen du azokako bisitarien arreta. Goiz erdian, 11:00ak aldera, Aralarren eta Aizkorri-Urbian larratzen duten bi milatik gora ardik zeharkatuko dute Ordiziako Kale Nagusia. Bigarrena udaletxeko areto nagusian izaten da: Idiazabal Gazta berriaren denboraldiari hasiera emateko gazta ebakitze ekitaldia.
Igeldoren magalean dagoen Rekondo jatetxeko Lourdes Rekondo arduratuko da aurten gazta berria ebakitzeaz. Haren aitak, Txomin Rekondok, ireki zuen negozioa 1964. urtean, sagardoa besterik zerbitzatzen ez zuela. Garapen handia izan du harrezkero, eta munduko upategirik onenetako bat dute han. Iñaki Arrieta da sukaldeko buru.
Eta omendua beste sukaldari bat izango da, Hilario Arbelaitz. Urteetan Idiazabal Gaztaren alde egindako zabalkunde lana aitortu nahi diote hala antolatzaileek. 2022ko abenduaren 30ean eman zuen azken otordua Arbelaitzek Oiartzungo (Gipuzkoa) Zuberoa jatetxean, 52 urtez bezeroen ahosabaiak gozatzen aritu eta gero.
Ardi-ahariak Garagartzan
Plaza Nagusian eta haren inguruan egingo den asteazkeneroko azokak esnatuko du eguna. Ohiko postuez gain, Goierriko produktuen eta Gipuzkoako artisauen saltokiak ere jarriko dira. Garagartza plaza izango da Artzain Eguneko beste eremu nagusia. 09:00etan hasita, 50 bat artzainen latxa arrazako ahari-ardien erakusketa-lehiaketa eta salmenta egingo da. Berrehun abelburu, guztira. Latxa mutur-gorri zein mutur-beltzak izango dira ikusgai. Ekitaldia gehiago ere izango da plaza berean.
Iazko konpromisoari eutsiz
Iaz hasitako bideari jarraipena emanez, aurten ere emakumezkoen pilota partidak jokatu dituzte Beti-Alai pilotalekuan. Eskuz binaka, Miriam Arrillaga eta Itxaso Eratsun Miren Larrarte eta Noa Mendizabalen aurka arituko dira, nor baino nor. Eta paletarekin, Leire Galdosek eta Ane Kerejetak Amaia Irazustabarrenaren eta Garazi Eizmendiren aurka neurtuko dituzte indarrak. Jaialdia 18:00etan da.
Idiazabal Gazta Jatorri Izendapenak aurreko urteko kanpainari dagozkion gaztaren erregulartasun eta kalitate sariak banatzen ditu Ordiziako udaletxean egiten den ekitaldian.
Aurtengo bi sarituak goierritarrak dira. Segurako Ondarre gaztandegiko Eneko Goiburuk artzain-gaztagilearen atalean jasoko du saria, bigarren urtez jarraian. Gaztandegiaren ataleko saria, berriz, Idiazabalgo Abel Goiburu Irastortzak jasoko du. Hirugarren aldiz eskuratuko du sari hori –aurrez 2019 eta 2021 urteetan– Goiburu gaztandegikoak.
Eneko Goiburuk Ordiziako Artzai Gazta txapelketa entzutetsua irabazi zuen 2021ean, eta iaz eta aurten erregulartasunaren aitortza jasotzea bada zerbaiten seinale. Abel Goibururengatik ere antzeko zerbait esan daiteke, azken bost sarietatik hiru beretzat izan baitira.
Idiazabal Jatorri Izendapeneko gazta ekoizpenak gora egin du aurten –1.368.389 kilo– aurreko urtearekin alderatuz, nahiz eta zortzi ustiategi gutxiago dauden erregistratuta.