85 bat lagun elkartu dira gaur Goierriko Pentsiodunen protestan
DSBE/RGIn jasotako pentsio osagarria jaso dezaketen pentsiodunei horren berri ematea eskatu diote administrazioari. Larunbatean Osasun Publikoaren aldeko manifestaziora joateko deia egin dute.
Gaur ere elkarretaratzea egin dute Goierriko Pentsiodunek, Ordizian. 85 bat lagun elkartu dira Plaza Nagusian goizean. Madrilgo Gobernuari 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzen jarraitzeaz gain, beste eskakizun batean jarri dute fokua gaurkoan: DSBE/RGIn jasotako pentsio osagarria jaso dezaketen pentsiodun guztiei horren berri ematea eskatu diote administrazioari.
“Ez dago hori ez egiteko justifikaziorik, zerga aitorpenen bidez eta beste bitarteko batzuen bidez osagarri hori jasotzeko eskubidea duten pertsona guztiak ezagutzeko gaitasuna baitute”, adierazi dute. “Gobernuaren datuen arabera, 30.000 pertsona baino gehiagok kobra dezaketela DSBE/RGIa, eta ez dute kobratzen”. Jakinarazi dutenez, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak gutun bana bidali die Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburuari eta Arartekoari, “oinarrizko eskubide hori onar eta aplika dadin eskatzeko”.
Horrez gain, larunbatean, Osasun Publikoaren Aldeko koordinakundean bildutako herritarren plataformek manifestazioak deitu dituztela ekarri dute gogora. Bilbon, Donostian eta Gasteizen egingo dituzte manifestazioak kalitateko osasun publikoaren alde, eta Goierriko Pentsiodunek Donostiakora joateko deia egin dute. 17:00etan hasiko da, Bulebarren. Ondoren, udaletxe aldean itxita dagoen prentsa kioskoan elkartuko dira.