Aritz Urrak Valladolideko Klasikoa irabazi du, esprintean
Eliteko eta 23 urtez azpiko txirrindularien Espainiako Kopako bosgarren proba puntuagarrian nagusitu da Urra. Tropelaren buruan, esprint estuan gailendu da Telco On taldeko goierritarra.
Aritz Urra Garmendia txirrindulariak (Lazkao, 2000) Espainiako Kopako lasterketa bat irabazi zuen, atzo igandea, Valladoliden (Espainia). Angel Lozanoren omenezko Valladolideko Klasikoan nagusitu zen, esprintean. Gaztelako hiriburu horretan hasi eta bukatu, 161 kilometroko etapa izan zuten eliteko eta 23 urtez azpikoek. Kopako hamar probetatik bosgarrena izan da Valladolidekoa.
Urrak esprint estuan lortu zuen garaipena (3:47:59). Tropelaren eskuin aldetik aurrera jota lortu zuen helmuga-marra lehenbiziko postuan igarotzea Telco On taldeko goierritarrak. Sergi Darder (High Level) eta Gabriel Ochando (Zamora Enamora) igo ziren podiumera, bigarren eta hirugarren. Iker Barandiaran lazkaotarrak (Laboral Kutxa) 11. postuan bukatu zuen, Urraren denbora berean.
Espainiako Kopako hurrengo proba Torredonjimenon (Jaen, Espania) jokatuko da, apirilaren 23an. Hurrengoa, berriz, Legazpiko Santikutz Klasikoa da, maiatzaren 1ean.