Urrezko Aizkolariak txapelketako kanporaketa izan da Zelaan
Urrezko Aizkolariak txapelketako 26. edizioko kanporaketetako bat jokatu da asteburuan Idiazabalen. Aizkolarien banakako saioez gain, Emakumeen Harrijasotze txapelketa eta Hiru Hamarreko Harrijasotze txapelketak ere jokatu dira. Besteren artean, kirolari idiazabaldarren presentzia ere nabarmentzekoa izan da: Jon Alustiza eta Aitor Urteaga aritu dira aizkoran eta Xabier Aranburu Guzta eta Gari Garmendia harria jasotzen.
Larunbatean jokatu zen Idiazabalgo Zelaa kiroldegian Aizkolarien banakako txapelketako Eusko Label sariko kanporaketa. Lehenengo kanporaketa eta finalak jokatuta, finalean sailkatutako Eloy Corchero, Aritz Irazabal eta Mikel Agirrek lortu zuten hurrengo kanporaketan parte hartu ahal izateko txartela.
Herritarrak sailkapenetik at
Aitor Urteaga idiazabaldarrak finaleko saiorako merituak egn zituen arren, Aritz Irazabalen aurka galdu zuen eta txapelketetatik kanpora geratu zen. Ez sailkatu izanaren «pena» agertu du idiazabaldarrak, baina lehendabiziko saioak izanik «norbere burua kokatzeko» saioa izan zen larunbatekoa beretzat. Jon Alustizak ere ez zuen sailkatzerik izan. Harria jasotzen bi idiazabaldarrak izan ziren elkarren aurkari. Azkenean, Gari Garmendia gailendu zitzaion Xabier Aranburu Guztari.