Beasaingo ikurretako bat desagertzear
Beasaingo ondare industrialaren, arkitektonikoaren, sozialaren eta historikoaren parte den CAF lantegiko atari nagusia eraisteko lanak hasi dituzte Oria ibaia zabaltzeko.
Pazko asteko oporrak igarota, astelehen arrunt bateko normaltasuna ageri zen Beasaingo Ezkiaga auzo inguruan. Haurrak eskolara, lanerako joan-etorriak, eguneroko paseoan… asteleheneroko moduan. Baina ez, ez zen astelehen bat gehiago; CAF enpresaren atariaren eraisketa eguna zen atzo. Eraisketaren lehenengo eguna zehatzago izateko, eraikin osoa alderik alde botatzeko, hiru egun beharko baitituzte, printzipioz. Mugarri historikoaren momentua harrapatzeko bertaratu zen GOIERRIKO HITZA, hondeamakinak lanean hasi eta pareta zulatzen eta behera botatzen zuten unea galdu ezin den horietakoa baitzen.
Ez zen sekretua, beraz, ez zen komunikabide bakarra, ez. Goizean goizetik, hantxe zebilen Martin Gartzia historialari beasaindarra eta Lemniskata zientzia sare herrikoiko kidea dena ere, argazki kamera eskuan. Atariaren aurrean, zutik, «egun garrantzitsua da! Ez dut detailerik galdu nahi», aitortu zuen bihurrikeriatan harrapatutakoa desenkusatzen egongo balitz bezala.
Goizeko 10:30ak, oraindik zutik zegoen eraikinaren parean, CAF enpresari hain lotuta hazi den herriaren eta botatzeko minutuak, orduak, geratzen zitzaizkion eraikinaren historiaren lagin bati errepasoan joan zen Gartziarekin hizketalditxoa, modu inprobisatuan.
Izan ere, Beasain herriaren bilakaera Fabrika Handiari edo CAFi oso lotuta egon izan da beti. XX. mende hasieran, Beasain barruan, aitzindaria izan zen beste herrixka bat eraiki zutela esan daiteke, eta zurezko sarrera nagusiari eta ate handiari erreferentzia eginez, Porteria izenarekin ezagutu izan da CAFeko atari nagusiaren ingurutik hasi eta Ordiziara arteko auzoa, nahiz eta 1981etik ofizialki Ezkiaga izena hartu zuen auzoak, inguru hartan zeuden hainbat baserriri erreferentzia eginez. Baiezta daiteke, beraz, Beasaingo ondare industrialaren, arkitektonikoaren, sozialaren eta historikoaren parte dela eraitsiko duten eraikina.
Hainbat datu
CAFi buruzko erreportaje zabal batean Goiberri astekarian jaso zen moduan, atariaren lehen harria, XIX. mende hasieran jarri zuten, «1902ko uztailaren 23an». Gogoratu behar da, gaur egun ezagun dena, ez dela hasierako eraikina, aldaketa ugari izan dituela. Historialari beasaindarrak berak argitu duen moduan, atari nagusiaren gainean dagoen eraikina, «1950. urtean eraiki zen», bertan zenbaki erromatarretan ere irakur daitekeen moduan, beraz, lantegiko ate nagusia baino beranduago eraikitakoa da.
Eraisketa lanak, parke aldetik hasi dituzte. Gartziak gogoratu zuen moduan, «hor zeuden kotxerak, eta haren segidan, langileen etxebizitzak». Azken hori, «1990 urte inguruan eraitsi zuten», osatu zuen.
Atariaren beste aldean, berriz, «lehenengo ekonomatoa zegoen». Beasainen ez zen denda askorik garai hartan, kooperatibaren bat edo beste bakarrik, horregatik, iraultza handia suposatu zuen, 1908an ekonomatua ireki zutenean. Kaperaren eta atariaren artean ere, industria eskola egon zen. 1924ko maiatzaren 15ean lortu zuen baimena eta 1963-64 ikasturtean azkeneko promozioa atera zen.
Eta kapera, Santo Cristo izenekoa, huraxe da eraitsiko duten azkena. 2022 urteko azaroaren 14an eman zuten bertan meza azkenekoz.
Gartziak interes handia erakutsi du eraisten ari diren eraikinaren inguruan; CAF lantegiaren inguruan ikertzen jarraitzen du. «Aspalditik ari naiz lanketa hau egiten, argitalpen bat egiteko helburuarekin», aurreratu du.
«Arraroa izango da»
«Arraroa izango da!», horiexek auzotarren artean behin eta berriz errepikatu ziren hitzak. Gaur egun bertan bizi den bizilagun orok, Ezkiaga auzoan ataria ezagutu izan du. Oscar Sanchez, Juan VIII.a kalean bizi da, baina etxeko balkoitik CAF enpresaren ikuspegi zabala dauka. «Auzoan jaiotakoa naiz, txikitan, goragoko kale batean bizi nintzen, azken urteetan berriz hementxe, bizi guztia egin dut auzoan, eta bai, arraroa izango da!», errepikatu du Sanchezek. Umetako oroitzapenen inguruan galdetuta, katekesi garaiak ekarri ditu, hain justu, etxeko balkoira atera eta nahi gabe, kaperara joaten dira begiak, parez pare baitauka.
«Arraroa egingo zaigu! esan zuten atari paretik paseoan doan bikoteak. Egunero-egunero Beasaindik Ordiziara eta buelta egiten dute, eta egunero-egunero igarotzen dira CAFeko ataritik. «Auzoari izen berria bilatu beharko diogu!», esan du batek broma artean.
«Arraroa da!», esan zuen mugikorra eskuan eraispena galdu nahi izan zuen bizilagunak ere. «Arraroa izango da, Beasaingo ikurra gehiago ez ikustea».