«Rock klasikoa egiten dugu eta umorea eta ironia lantzen ditugu»
Pablo Badiolak (Zumarraga, 1974) gitarra jotzen du Bilboko The Daltonics rock taldean. Larunbatean Zarraparraz kolektiboak antolatzen duen Poligrafo Fest jaialdian joko dute.
Nolatan Bilbon?
Lizeoko ikasketak amaitu ondoren, Bilbora etorri nintzen Ingeniaritza Informatikoa ikastera. Karrera amaitu baino lehen lanean hasi nintzen eta hemen gelditu nintzen.
Nondik nora ibili zara lanean?
Hasieran eskolak eman nituen, Eusko Jaurlaritzarentzat. Egun, Telefonican lan egiten dut. Hogei urte baino gehiago daramatzat Telefonican. Getxon bizi naiz. Hamabost bat urte daramatzat bertan.
Nolatan musika zaletasuna?
Umetan solfeoa ikasi nuen, baina ez zitzaidan batere gustatzen. Bilbora etorri baino urte bat lehenago Zumarragako musika eskolara joan nintzen, gitarra elektrikoa jotzen ikastera. Josi y los Javis taldeko Josi Labajosekin ikasi nuen. Bilbora etorri nintzenean, utzi egin nuen.
Nolatan hasi zinen berriro gitarra jotzen?
Frontenisean jokatzen ari nintzela, eskafoidea apurtu nuen. Hiru hilabete egon nintzen igeltsuarekin. Errehabilitazioa egiteko ordua heldu zenean, medikuak eskumuturrarekin erlazioa zuen zaletasunen bat ba al nuen galdetu zidan. Gitarra bat nuela esan nion eta berriro jotzen hasteko esan zidan. Gitarra eskoletan izena eman nuen eta egun The Daltonics taldeko kideak direnetako batzuk ezagutu nituen. Datorren urtean 20 urte beteko ditugu elkarrekin. Urte hauetan guztietan talde ezberdinetan jo dugu. Frontoiak musikara eraman ninduen.
Noiz sortu zenuten The Daltonics taldea?
2015eko amaieran. Gure aurreko taldeko abeslariak taldea utzi zuen eta baxu-jotzaileak ere alde egin zuen. Bertsioak jotzen genituen, tabernetan, eta proiektuari buelta bat ematea erabaki genuen: besteen abestiak abestu beharrean, gureak abestea. Horrela, The Daltonics taldea sortu genuen. Alex abeslaria eta harmonika-jotzailea gurekin etorri zen eta baxu-jotzaile bat ere hartu genuen: Jesus Artetxe. Duela lau urte hil zen, bihotzekoak jota, lehen diskoa grabatu ondoren. Artetxe hil ondoren, baxu-jotzaile berria hartu genuen: nire emaztearen lagun bat. 2019tik formazio bera dugu eta beste bi disko grabatu ditugu.
Nola aurkeztuko zenuke The Daltonics taldea?
Garaje eta pub rockaren arteko rock klasikoa egiten dugu. Abesti guztiak gure abeslariak idazten ditu, gazteleraz. Umorea eta ironia lantzen ditu. Barre egitekoak dira. Musikari dagokionez, gure estiloa Dr. Feelgood eta Fuzztones artekoa dela esaten digute. Hitzei dagokienez, Siniestro Total taldearen antza dugula diote.
Kontzertu asko al dituzue?
Dezente jotzen dugu urtean zehar. Bizkaian jotzen dugu gehienbat, baina noizbehinka Kantabriara, Gaztelara… joaten gara. Aurten, Madrilen, Leonen, Ponferradan… egon gara. Datorren hilean Errioxan joko dugu. Iaz Legazpin jo genuen, Karibe Zaharra tabernan. Aurtengo kontzertu handiena ekainean izango da: BBK Legends jaialdian joko dugu. The Cult, Chris Isaak eta Niki Hill-ek ere joko dute, besteak beste. The Cult-ek joko duen egun berean jotzea sekulakoa da guretzat.
Zuen bideoklipetan taldean giro ona duzuela eta ondo pasatzen duzuela nabari da.
Gure helburu bakarra ondo pasatzea da. Musikak ez digu ez osperik eta ez dirurik ematen, baina musikari esker primeran pasatzen dugu. Esfortzua da, guztiok musikatik kanpo lan egiten baitugu eta taldekideek seme-alabak baitituzte. Baldintza horietan, abesti berriak egitea, diskoak grabatzea… zaila da. Zorionez, azkenaldian Bilbo aldean rock talde asko daude eta kontzertu zirkuitu txiki bat dago. Horri esker, jotzeko tokiak, estudioak, bideoklipak egiten dituen jendea… dago.
Rocka bizirik dago, beraz.
Batzuetan hilzorian dagoela dirudi, baina hor jarraitzen du. Gure ikusle gehienak gure adinekoak edo zaharragoak dira. Gazteei ez zaie rocka gustatzen. Baina gure adineko asko duela hamar urte ez ziren kontzertuak ikustera joaten eta zaletasun hori berreskuratu dute. Agian ez dute gauean atera nahi, baina arratsaldez egiten diren kontzertuetara joaten dira. Rockera itzuli dira.
Larunbatean herrian jo behar duzu.
Ez dut inoiz herrian jo. Duela hiru urte The Northagirres taldearekin jo genuen. Orduan jakin zuten gitarra jotzen dudala. Iaz, berriro jo genuen The Northagirres taldearekin: Bilboko jaietan, Kafe Antzokian. Borja Aranburu, The Northagirres taldeko baxu-jotzailea, Zarraparraz taldeko kidea ere bada. Jaialdi baterako deituko zigula esan zigun eta bere hitza bete du.