Ander Barandiaranek lehen saria lortu du Gourmet Quesos txapelketaren kategorietako batean
Ardi esnez gordinez egindako gazta erdi onduaren kategorian lortu du saria Idiazabalgo Gaztainaditxulo artegiko artzainak.
Idiazabalgo Gaztainaditxuloko Ander Barandiaran artzainak lehen saria lortu du Madrilen egin den Gourmet Quesos 2023 txapelketan. Ardi esnez gordinez egindako gazta erdi onduaren kategorian lortu du saria.
Artzai Gazta Idiazabal Baserrikoa zigilupean egindako gazta da Barandiaranek Espainiako Gazta Onenen Txapelketara aurkeztutakoa. 13. edizioa du txapelketa horrek, eta antolatzaileek adierazi dutenez “kalitate goreneko gaztak” egon dira.
Jose Luis Martin gaztagile maisuak zuzendu du Madrilgo Gourmet Klubaren Nazioarteko Aretoan egin den sari banaketan. 800 gazta baino gehiago aurkeztu dituzte lehiaketara, hogei kategoriatan banatuta.
Idiazabal Jatorri Izendapeneko beste gaztandegi batek ere lehen saria jaso du, Olaztiko (Nafarroa) Queseria Vasco Navarrak. Gazta ketuen kategorian nagusitu da.