Batzar irekia eta Pote Filosofikoa antolatu ditu Arrano Kulturak
Batzarra larunbatean egingo dute eta hausnarketa saioa hilaren 25ean, Josebe Iturriotz ordiziarrak gidatuta.
Datozen egunetarako bi ekintza antolatu ditu Arrano Kultura elkarteak. Batetik, larunbaterako, hilak 22, batzar irekia deitu dute Beasaingo udaletxeko batzar areto nagusian, 11:00etatik 12:30era. Duela hilabete gutxi ibilbide berri bati ekiteko erabakia hartu zuen elkarteak, eta orain arte egindakoaren balorazioa egin eta hurrengo urratsak zehaztuko dituzte bertan. Batzar irekia izanik, herritar orok parte har dezake.
Pote filosofikoa
Bestetik, datorren astearterako, hilak 25, Pote Filosofikoa antolatu dute, Agora Filosofia Elkartearekin elkarlanean. Arrano tabernan egingo dute, 18:30etik 20:00etara. Gizonak eta emakumeak ez dira existitzen da saioaren izenburua eta Josebe Iturrioz ordiziarra gonbidatu dute antolatzaileek, gai horren bueltan ekarpenak egin eta hitzordura animatzen direnak gogoetara bultzatzeko. Izan ere, Iturriozek emandako abiapuntutik, gaiaren bueltan sakontzeko eta hausnartzeko espazioa eta tartea izango da, trago baten inguruan.
Beste batzuen artean, ‘Zer da gizon edo emakume izatea?’, ‘Zergatik edo nola egiten gara bat edo beste?’ eta beste hainbat galderen bueltan jardungo dute.
Saioa lagunarteko giroan ospatzeko helburuarekin, gogoeta pote baten bueltan burutuko dela aurreratu dute saioaren antolakuntzatik.