Bi txosna-gune izango dira jaietan, lehenengo aldiz
Aurtengo jaietan bi txosna gune egongo dira Lazkaon. Txosna Batzordean elkartuta dauden talde, eragile eta elkarteek jarriko dute bat, eta San Benito Ikastolaren San Prudentzio eskolaren aurrean kokatu dute karpa. Mugimendu Sozialistak bere karpa ipini du, skate parkean (eskolaren aldamenean). Bakoitzak bere egitaraua antolatu du.
Asteburu honi dagokionez, Txosna Batzordearen karpa bihar 20:00etan irekiko dute, elkarretaratze bat egin ondoren. Euskal presoen atzerriko bisitetara garraio zerbitzua eskaini zuen Mirentxin ekimenekoek botako dute txupinazoa.
Biharko gaua (23:00) Little Martin Selektah eta DJ Fulanak alaituko dute. Larunbatean herri bazkaria dago, eta gauean (23:00) Lukiek eta Emaion taldeak.
Mugimendu Sozialistaren karpan bi kontzertu antolatu dituzte, lehen astebururako. Bihar (23:30), Bassagain eta DJ Maixu ariko dira. Larunbatean, (22:00), Kontrol Norte, Tirokatuak eta DJ Euk.