Dena prest dute Seguran larunbateko Zerain Segura mendi lasterketarako
Seigarren edizioa beteko du aurten Aizkorpeko lasterketak. Goierri Trail Kopako seigarren proba izango da, beste hiruren faltan. Guztira, 230 bat korrikalari espero dituzte.
Zerain-Segura mendi lasterketaren seigarren edizioa jokatuko da bihar. Ohi bezala, bi ibilbide izango dira aukeran: luzea, 25 kilometroko luzera eta 1.700 metroko desnibel positiboarekin (15:30); eta motza, 14,5 kilometroko luzera eta 880 metroko desnibel positiboarekin (16:00).
Parte hartzeko epea ixteko ordu gutxiren faltan, dagoeneko 220 bat korrikalarik eman dute izena Ekhi Albizu Segurako Udaleko kirol zinegotziak aurreratu duenez. «Azken edizioetan jaitsita egon den arren, aurten, beste mendi lasterketa batzuetan gertatzen ari den bezala, parte hartzeak gora» egin duela azpimarratu du. Guztira, 230 bat lasterkari espero dituzte.
Goierri Kopako seigarrena
Bi lasterketak «edozeinek» egiteko modukoak direla esan du Albizuk, «ez dira ibilbide teknikoegiak, korrika egitekoak baizik». Ibilbide luzean Iñaki Olano altzotarrak eta Ainhoa Sanz urretxuarrak ezarri zuten errekorra 2019an —2:06:20 eta 2:23:01, hurrenez hurren—. Ibilbide motzean, aldiz, ordura artekoa 14 segundoan hobetuta, 1:08:13an ezarri zuen errekor berria iaz Jokin Tolosa anoetarrak. 2018tik ez dute gainditu Maria Zorroza gasteiztarraren denbora emakumezkoetan (1:17:30).
Goierri Trail Koparako puntuagarria da larunbateko proba. Aurten bederatzi lasterketez osatuko da kopa; gehientsuenak eginda seigarrena da Zerain eta Segurakoa. Albizuk antolaketan parte hartzen duten 100 boluntarioen lana eta inguruko enpresa eta merkatarien babesa eskertu du lerro hauen bitartez.