Festak, korrikalarien erritmora
Antzar Korrikalariek egingo dute, bihar, festen hasierako pregoia. Mozorrotuen eguna izango da lehen asteburuko plater handia. Esne Beltza taldeak joko du, etzi.
Lazkaoko festak bihar hasiko dira. Antzar Korrikalariak taldekoek botako dute jai hasierako txupinazoa, udaletxeko balkoitik pregoia eginda. Urtean zehar, herrian hainbat atletismo proba antolatzen ditu taldeak, eta korrikalariei modu federatuan nahiz herrikoian kanpoan lehiatzeko aukera ere ematen die.
Lazkaoko lasterkariak 2002an elkartu ziren, eta berez orduan sortu zuten Antzar Korrikalariak. Elkarte bezala formalki, aldiz, 2014an eratu zuten. Urteotan, Urtezahar eguneko San Silvestre kros herrikoia hamar aldiz antolatu dute, eta haurrentzat duatloiak eta triatloiak ere jartzen dituzte.
Festetan ere ez dute hutsik egingo. San Prudentzio gauean, V. Bikotekako Krosa izango da, 21:00etan hasita. Orain arte mistoa izaten bazen ere, aurten aldatu, eta sexu bereizketarik batere gabe utziko dute; nahi duenak nahi duen bikotekidearekin egin ahalko du korrika. Sailkapen bakarra zehaztuko dute.
Iñaki Belamendia. Antzar Korrikalariak taldeko kidea
«Bikotekako krosean sexu banaketa oro kendu dugu. Lehenak gara sistema jartzen»
«Hemen horrelako sistema bat jarriko dugun lehenak gara. Denekin asmatzea ez dela erraza izango badakigu, baina ikuspuntua da sexuagatik ez bereizketarik egitea, ez inor baztertuta sentitzea», azaldu du Antzar Korrikalarietako Iñaki Belamendiak. Jendea animatu du korrikara. Aurrez, haurrentzat bakarkako krosa ere jokatuko da.
Gaur egun, Antzar Korrikalariek Tri-Antzar triatloilari federatuen saila ere badu, 21 kirolarirekin (emakumeak, bi). Horiez gain, herrikoietan berrogei bat lagunek osatzen dute taldea. «Kanpora ere joaten gara. Herrikoietan, urtero Behobia dugu erreferente, eta gehienak horra joaten gara. Gero, triatloian Euskal Herri guztian ibiltzen dira, lehiaketa federatuan».
Mozorroak eta Esne Beltza
Korrikalariek pregoia egin orduko lehertuko da, bihar arratsaldean, Lazkaon festa. Herriko musika lau taldek girotuko dute gaua, plazan. Bi txosna guneetan ere kontzertuak izango dira.
Lehenengo asteburuan, ordea, mozorrotuen eguna izango da izarra, larunbatean. Eguerditik aurrera, egun osorako jardunaldi koloretsua espero da, eguraldiak ateritik eusten badio.
Musikari dagokionez, aurreneko ekinaldirako gonbidatu nagusia Esne Beltza izango da. Larunbat gauean plazan joko du Xabi Solanok 2007an sortutako taldeak. Etxepe izango da irekitzaile, 22:00etan hasita.
Umeentzat pailazo ikuskizun bana antolatu dituzte, lehen astebururako. Oro har, haurrentzako emanaldiak Lazkao Txiki Plazan izango dira, eta euria egiten badu frontoian edo ikastolako jolastoki estalian.
Hurrengoa mardulena
Bigarren asteburua izango da San Prudentzio jaietako muina, ostegunetik astelehenera arte. Kuadrillen eguna, apirilaren 30ean, Eider Saez musikari herritarrak alaituko du, Olaia Intziarterekin batera.
Gainontzean, afizionatuen txirrindulari lasterketa apirilaren 29an jokatuko da. Berritasuna, bost herritako erraldoien bilkura da, 30erako. Uharteko, Oreretako, Iruñeko eta Sant Feliuko (Katalunia) erraldoi konpartsak elkartuko zaizkio Lazkaokoari.
Ohitura den bezala, maiatzeko lehenengo asteburuan Lazkaomendin ospatuko dituzte festak, maiatzaren 5etik 7ra.