Gazteek eta mugikortasun urria dutenek alokairurako laguntzak izango dituzte Beasainen
Udal gobernuaren aldeko botoekin atera dira aurrera neurri horiek. EH Bilduk eskatu du «diru sarreren araberakoa» izatea etxebizitzaren alokairurako laguntza eta «etxebizitza plan bat egitea» proposatu du. Euskara ikasteko diru laguntzak ere onartu dituzte.
Beasaingo herrian etxebizitzak alokairuan hartzeko diru laguntzak emateko oinarri arautzaileak onartu zituen udalbatzak apirileko osoko bilkuran. «18-35 urte bitarteko gazteek eta mugikortasun urria duten beasaindarrek etxebizitza alokatzeko erraztasunak izatea da» Beasaingo Udal Gobernuaren helburua azken osoko bilkuran onartu dituen diru laguntzekin. Alokairuaren %20tik %50era arteko diru laguntza lortu ahal izango da eta gehienez 100 euro eta 250 eurokoak izango dira laguntzak. Aurkezten diren eskaerei erantzuteko adina diru jartzea onartu du Udalak. Proposamena udal gobernuaren aldeko botoekin (EAJ) eta oposizioko taldeen abstentzioarekin (PSE-EE eta EHBildu) onartu zen.
EH Bilduk, bere botoaren arrazoia eman zuen. Bozeramaileak adierazi bezala, «lau eskaera baino ez dira jaso», eta hori «sintomatologikoa» dela dio; «Beasain bezalako herri batentzat oso eskaera gutxi da, horren atzean zer dagoen aztertu beharko litzateke, zalantzarik gabe». Proposamenari baiezko botoa ez emateko beste arrazoietako bat da, «18 eta 35 urte bitartekoei mugatzen dela laguntza». EH Bilduk uste du «beste herritar batzuei ere zabaldu behar zaie laguntza hauetarako eskubidea; gure ustez, diru sarreren araberakoak izan beharko lirateke laguntza hauek».
Gai ordenako puntu horren eztabaidan, EH Bilduk proposatu zuen «etxebizitza plan bat egitea».
Euskara ikasteko laguntzak
Beasainen euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko diru laguntzak onartu dira EAJren (10) eta PSE-EEren aldeko (2) eta EH Bilduren aurkako (5) bozekin. Udalak 28.000 euro aurreikusi ditu 2023 urterako, eta aurkeztutako eskabideen arabera, zenbateko gehigarria ere onartu ahal izango da. Langabetuek matrikularen %100 jasoko dute, baldin eta gutxienez %90eko asistentzia betetzen badute. Gainerako ikasleek, %50 eta %75 arteko matrikula ordainduko dute eta gutxienez %85eko asistentzia bete beharko dute. Eskaerak aurkezteko epea 2023ko urriaren 31ean amaituko da. Igunean eta online egin daiteke.
Oposizioan dagoen EH Bilduko bozeramaileak nabarmendu duen moduan, «euskara ikasi nahi duen orori lagundu beharko litzaioke, ikasi nahi duenak udalaren %100ko laguntza izatea alegia eta herritar guztiei aukera berdina emateko». Garbi dute «hizkuntza politika bide horretan garatu» behar dela.
Lizitazioak
Gobernu batzordeak, Alkartasuna Lizeoko frontoiaren estalkiaren eraberritzea eta irisgarritasun eta segurtasun baldintzak egokitzeko obrak egiteko lizitazioa ateratzea onartu zuen udalbatzak. Frontoiaren estalkia eraberritu ondoren, udal eraikinen autokontsumorako helburuak bete asmoz, energia berriztagarriak lortzeko udalak duen konpromisoari jarraiki, eguzki-plakak jartzeko prest utziko da.
Horrez gain, 2023ko bide asfaltatze kanpainaren obren lizitatzea ere onartu zuen udalbatzak. Gipuzkoa plaza, Igartza futbol zelaiko aparkalekua, Arantzazu kalea, Joan Iturralde kalea eta Joan XXIII.a kalea dira urte honetan asfaltatuko dituzten Beasaingo eremuak.