Harro Hadi dinamika hilaren 29an bukatuko da, Algortan
Espainiako Poliziak Eustakio Mendizabal ‘Txikia’ tiroz hil zuenetik 50 urte bete ziren atzo. Belaunaldi horren naziogintza oinarri, susperraldi berri bati ekiteko dinamika da.
Harro Hadi Kantauri Itsasoa dinamikari bukaera emateko ekitaldia apirilaren 29an egingo dute, Algortan (Bizkaia). Atzo 50 urte bete ziren bertan poliziak Eustakio Mendizabal Txikia itsasondoarra tiroz hil zuenetik. Martxoaren hasieran jarri zuten martxan dinamika, eta Euskal Herri osoko 50 eragilek sinatutako manifestua aurkeztu zuten Itsasondon.
Ekimenaren helburua Txikiaren belaunaldikoek egindako naziogintza lanari bultzada eman eta garai berrietara egokitutako naziogintza eredua bultzatzea da, manifestuan adierazi bezala, «euskara eta euskal kulturaren aldeko borroka gai berriekin josten asmatzea», alegia. Martxotik apirilera, hainbat hitzaldi eta ekitaldi egin dituzte Txikiaren belaunaldiaren lana gogora ekarri, hura aitortu eta egungo erronkak mahaigaineratzeko. Itsasondoko pilotalekuan martxoan egin zuten ekitaldian ehunka lagun elkartu ziren, tartean Txikiaren senitartekoak.
Dinamikari bukaera emango diote hala hilaren 29an. 11:00etan ibilaldi gidatua izango da, 13:00etan ekitaldia, eta ondoren, herri bazkaria.
Omenaldi gisa
Euskaltzalea, olerkaria eta ETAko kidea izan zen Txikia. 1944an jaio zen Itsasondon, eta 28 urte zituela hil zuen Espainiako Poliziak, 1973ko apirilaren 19an. Telesforo Monzonek Harro Hadi Kantauri Itsasoa abestia sortu zuen haren omenez.